Euskal Herriko kostaldea (X): Lapurdiko itsaslabarrak
1996/01/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sarritan aipatu izan dugunez, Atturriren bokaletik Miarritzeko San Martin lurmuturraren itsaslabarretaraino, Euskal Herriko kostaldea Landetako kostalde hareatsuaren jarraipena da. Hemendik aurrera ordea, Lapurdiko kostaldea, Hego Euskal Herrikoaren modura, zenbait itsasadar estuez ebakitako itsaslabar harritsu eta makartsuez osatuta dago.
Horien guztien jatorria eta ezaugarriak oso antzekoak badira ere, itsaslabar horien artean zenbait alde desberdin bereiz daitezke. Horiexek dira hain zuzen ere, ondoren aztertuko diren aldeak.
Miarritzetik Getariaraino
Miarritzeko San Martin lurmuturretik Getariaraino goazela, Euskal Herriko itsaslabarrik gazteenak aurkituko ditugu. Neurri handi batean, kalkarenitaz osaturiko itsaslabar horiek Tertziarioko Miozenokoak dira.
Kostaldearen zati horretan eta bereziki Miarritze inguruan, higadura diferentziala oso nabarmena da eta horren ondorioz, kostaldea uharte, harkaitz, lurmutur eta hondartzez beterik agertzen da.
Aurrerago, Bidarteko itsaslabarrean, higadura uniformeagoa da eta horregatik, kosta-lerroa askoz zuzenagoa da.
Urradura-plataforma aztertzerakoan, azalera handirik ez duela eta gehienetan hareaz estalita agertzen dela ohartuko gara.
Ingurune fisikoan elementu deigarririk aurkitzen ez badugu ere, itsaslabarretako ekosistemaren egoera guztiz bestelakoa da. Bidarten bereziki, ekosisterna horretako ordezkariak kontserbazio-egoera oso onean aurkitzen dira, nahiz eta itsaslabarretako goialdean gero eta urbanizazio-prozesu handiagoak eman. Lapurdiko kostalde osoan gertatzen ari da hori eta prozesu horren eraginik nabarmenena landa aerohalinoa zenbait lekutan desagertu izana eta besteetan minimora ekarri izana da. Zorionez, Bidarteko itsaslabarreko goialdean oraindik zabalera handiak daude. Nolanahi ere, egoera horrek noiz arte iraungo duen jakitea zailagoa da.
Bidarteko landen ondoan, Miarritzekoenen egoera guztiz bestelakoa da. Ez zen aurre-planifikaziorik egin herria urbanizatzeko unean eta horren ondorioz, eraikuntzak itsaslabarretako muturretaraino eraman dira. Horrek arazo larria ekarri du Miarritzera eta jadanik, itsasoaren higadurak arriskuan jarri du herriko zenbait auzo.
Arazo puntual horri konponbidea emateko, hots, itsasoaren higadura oztopatzeko, itsaslabarrak hormigoiez bete dituzte eta horrek bertako ekosistema erabat suntsiarazi du.
Getariatik Hendaiaraino
Getariako itsaslabarrek, eta oro har hemendik Hendaia bitartekoek, aztertu berri ditugun itsaslabarrekiko alde handi samarra aurkezten dute. Herrien beraien adinari gagozkiolarik, hauek aurrekoak baino zaharragoak dira, Goi Kretazeokoak hain zuzen. Horrez gain, itsaslabarren beraien egitura ere desberdina da, kararri eta margez osoturiko Flysch-egitura nagusia izanik.
Bi eragile nagusi horiei estratuen antolaketa ere gehitu behar zaie, hirurek batera eraginda, higadura-agenteen eragina handiagoa da kosta-zati honetan. Eragin horien ondorioz, urradura-plataforma zabalak, hondartza asko eta ia bertikalak diren itsaslabarrak daude ingurune horretan.
Elementu geomorfologikorik ikusgarrienak Donibane-Lohizuneko badia eta Hendaiako Santa Ana lurmuturra dira, Biak higadura diferentzialaren adibide garbiak dira, baina alde nabarmena dago bien artean. Donibane-Lohizuneko badiako materialak inguruko itsaslabarretakoak baino higagarriagoak diren bitartean, Santa Ana lurmuturrekoek higagarritasun txikia dute. Hori dela eta, Santa Ana inguruarekiko aurreratua geratzen da eta harkaitz, uharte eta antzeko elementu ugari ikus daitezke bertan (Dunbarriak, Loia, etab.).
Horrez landa, eskualde horretako FIych-egiturak arrosa kolorea du. Fenomeno horren azalpena sedimentuen oxidazio-maila altuan datza: seguraski, sendimentuak garraiatu ziren garaian klima epelagoa izateak, oxigeno-kantitate handiagoak egoteak eragin zuten.
Ekologiari dagokionez, marearteko eta itsaslabarretako ekosistemen ordezkari garratzitsuak aurkitzen dira. Nolanahi ere, azken urteotako urbanizazio basatiaren ondorioz, itsaslabarretako goialdeko azken muturrean ere eraiki da eta horrek bertako bizidun-komunitateak desagertarazi egin ditu. Fenomeno orokor horren salbuespenak Hendaiako Abbadia babesleku naturala eta Exanzabaleko itsaslabarrak dira.
Bi inguru horiek "Conservatoire de Pespace littoral et des rivages lacustres" izeneko erakundeak kudeatzen ditu. Geologia-marko paregabean, ekosistema tipiko guztietako ordezkarien (Abbadian gehien bat) iraupena ziurtatu dute. Alabaina, ez da hori eskualde horretatik hartu beharko genukeen irakaspen bakarra. Izan ere, ohizko nekazal- eta abeltzantza-ihardueren eta naturaren babesaren arteko oreka lor daitekeela baieztatu dute eta horren adibide garbi bihurtu dira. Tamalez, isolatutako natura-uharte gisa geratzeko arrisku larrian daude alderdi eder horiek, ingurugiroarekiko sentikortasun-ezaz urbanizatutako eskualdeaz erabat inguraturik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia