}

Euskal Herriko karniboroak, dozena bat... gehi bat?

2012/11/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dira lehoiak eta tigreak bezain ikusgarriak, akaso; haiek bezain handiak ez, behintzat. Baina, hemen ere baditugu karniboroak, Carnivora ordenako ugaztunak, alegia; eta ez gutxi, dozena bat, hain justu. Azken urteetan behera egin dute batzuek, baina baita gora ere beste batzuek. Eta litekeena da hurrengo urteetan hamahirugarren bat ere izatea.
euskal-herriko-karniboroak-dozena-bat-gehi-bat
Erbinude zuria, Mustela erminea. Arg. Keven Law/CC-SA-BY

Ez dira ikusteko errazak, ez eta ikertzeko ere; eta kasu askotan oso informazio gutxi dagoenez, zaila da populazioen egoeraren berri izatea. Hala ere, Ihobeko Klima Aldaketa eta Bioaniztasuna saileko proiektuen buru Jabi Zabalaren esanean, espezie gehienen inguruan badira datuak, eta joera oso desberdinak ikusten dira: espezie batzuek gora egin dute, eta beste batzuek behera. Alde batetik oso normala da hori; izan ere, Zabalak azaldu duenez, "gremio bereko espezieak dira, eta haien artean lehia dago; beraz, batek gora egitean, beste batek behera egingo du". Txoko ekologiko bera partekatzen dute askok, eta baliabide bertsuak erabiltzen dituzte. Eta, ez hori bakarrik, karniboroek elkar akabatzea ere ohikoa da: "Elikadura-ikerketak egin direnean, ikerketen % 80an aurkitu dira beste karniboro-espezie batzuen arrastoak".

Dena den, Zabalaren ustez, azken urteetako karniboroen gorabeheren arrazoi garrantzitsuena Euskal Herrian izan den paisaia-aldaketa da: "Azken 50 urtetan, nekazaritza-jarduerak asko gutxitu dira; batetik, soroak pinudi bihurtu dira, eta, bestetik, eremu lauen urbanizazio edo artifizializazio itzela egin da. Horrek inpaktu handia izan du erreka inguruko espezieetan eta herrien inguruan bizi diren espezieetan. Eta nekazaritza-eremua asko murriztu denez, hari lotutako espezieak ere gutxitu egin dira. Aldiz, basoa zabaldu egin da, eta horrek eragina eduki du basoko espezieetan. Dena den, kontuan hartu behar da bertako basoa oso motel ari dela hedatzen, eta gehiena landaketak direla".

Basoa hedatzea lepahoriaren mesedetan

Basoa hedatzeak onura ekarri dionetako bat lepahoria da ( Martes martes ). Duela urte batzuk nahiko urria izatera iritsi zen, baina azken ikerketek erakusten dutena bestelakoa da. "Azken 4-5 urteetan oso ikerketa polita egin da: lepahoriaren, lepazuriaren edo azeriaren gorotzak izan zitezkeenak bildu eta azterketa genetikoen bidez identifikatu dira. Eta ikusi da lepahoriaren egoera Euskal Herrian uste baino hobea dela". Nahiko ongi banatua dago, populazioa jarraitua da, eta azken urteetan gora egin du. "Pinudietan ere agertu da. Nahiz eta nahiko espezie espezialista izan, kasu honetan ongi etorri zaizkio baso-landaketak ere".

Ezkerretik eskuinera, lepazuria, Martes foina Arg. © Sirah/123RF); erbinudea, Mustela niralis (Arg.: © Alucard21/123RF); ipurtatsa, Mustela putorius (Arg.: Peter G Trimming/CC); igaraba, Lutra lutra (Arg.: Peter G Trimming/CC)

Lepazuria ( Martes foina ) eremu irekiagoetan bizi da, batez ere, baso ez oso itxiak eta larreak dauden lekuetan. "Euskal Herrian espezie arruntenetarikoa izan da beti, eta gaur egun ere hala da" dio Zabalak.

Ezin gauza bera esan erbinudeaz ( Mustela nivalis ): "85eko atlasean [ Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ornodun Kontinentalen Atlasa ] espezie arruntena zela esaten zen, baina gaur egun nahiko arraroa da", azaldu du Zabalak. "Jendearekin hitz egitean askok esaten dute urteak direla ez dutela ikusi. Baserri inguruarekiko lotura handia du espezieak, eta hura desagertzen joan ahala gainbehera nabarmena izan du".

Erbinude zuria ( Mustela erminea ), berriz, beti izan da urria, eta egoera ez da asko aldatu azken urteetan. Nafarroako ekialdean populazio bat dago, eta beste bat Enkarterrian. "Enkarterrian ez dugu inoiz animaliarik harrapatu ez eta argazkirik atera ere, baina urtero errepidean hilda agertzen da baten bat".

Hain zuzen ere, errepidean hildakoen datuak informazio garrantzitsua dira espezie hauen populazioen berri izateko. "Espezie batzuen inguruan dugun informazio gehiena edo dena errepideko heriotzak dira", dio Zabalak. Horrez gain, informazioa lortzen saiatzen dira tranpak jarrita, oinatzak bilatuta eta abar, baina jarraipen sistematikoa kasu gutxi batzuetan baino ez da egiten.

Jarraituena, bisoi europarra

Jabi Zabala biologoa, Ihobeko Klima Aldaketa eta Bioaniztasuna saileko burua da. Arg. © Jabi Zabala

Hain zuzen, jarraipen estua egiten zaio bisoi europarri ( Mustela lutreola ). EAEn, esaterako, foru-aldundi guztiek dute bisoiaren jarraipen-plan bat. Egoera larrienean dagoen karniboroa da. "Lehen Euskal Herriko erreka gehienetan zegoen, baina 2000. urtearen hasieran bisoi amerikarra sartzen hasi zen. Eta azken boladan amerikar gutxi agertzen bada ere, europarrak ere oso gutxi agertzen dira". Dena den, Zabalaren esanean, gainbeheraren arrazoiak bi dira: "bat, amerikarra, eta bestea, batez ere Kantauri isurialdean egon diren eraikuntza-programa basatiak; erreka asko kanalizatu dira, eta bakartuta gelditu dira".

Bisoiaren jarraipen-programetan jartzen diren tranpetan inoiz ipurtatsen bat ere ( Mustela putorius ) erortzen da, baina oso gutxitan. "Oso zaila da harrapatzea. Erreka-eremuetara lotuta daudela esan izan da beti, baina Euskal Herrian behintzat ez da horrela. Europako beste leku batzuetan bereizten dira errekako ipurtatsak eta basokoak. Hemen bi markatu izan dira koilarearekin, eta biek mendian gora egin zuten". Dena den, ipurtatsaz ezer gutxi dakigula aitortzen du Zabala. "Nik esango nuke urria dela, baina banaketa orokor bat duela, eta dagoen informazioaren arabera, beti izan da horrela. Ez dugu informaziorik esateko gora edo behera egin duen".

Igarabaren kasuan ( Lutra lutra ) informazio gehiago dago, 5 edo 10 urtetik behin estatu mailako jarraipen bat egiten baita. Gora egin du nabarmen: "85ean arriskuan izendatu zen Euskal Herrian, 95ean ikusi zen berdintsu zegoela baina pixka bat gora egin zuela, eta, 2005ean eta geroztik egindako beste ikerketa batzuetan ikusi da Araban oso arrunta dela, eta Bizkaian ere agertzen dela. Euskal Herrian nahiko zabalduta dago, eta aspaldiko zenbait eremu berreskuratu ditu". Gipuzkoako daturik ez dago, baina Nafarroan ere gora egin du; Ebro osoan agertzen da. Araban eta Nafarroan erreka-inguruak ez dira hainbeste kaltetu, eta hor egin du gora igarabak, batez ere. "Arrain asko eta babesteko lekua duten errekak behar ditu, eta kutsatuta egon arren, igaraba ongi bizi daiteke halako tokietan. Dena den, igarabak gora egin duen lekuetan bisoi amerikarrak ere gora egin du", azaldu du Zabalak.

Erreketatik kanpora, baina babesteko leku asko behar du Azkonarrak ere ( Meles meles ). Izan ere, taldeka bizi dira, 4-5 kideko familiatan, eta hainbat kamarako lurpeko galeriak egiten dituzte. Horregatik, lur sakonak dituzten basoak behar dituzte. "Uste dena baino arruntagoa da --dio Zabalak--; ez dira oso ugariak, baina nahiko arrunta da".

Azeria ( Vulpes vulpes ) ere "oso arrunta da, eta beti izan da". 90eko hamarkadaren bukaeran hazteriaren eraginez populazioak behera egin zuen pixka bat, baina gaur egun populazio onak ditu. Eta otsoa ( Canis lupus ), XX. mendearen erdialdean Euskal Herrian ia desagertuta egon bazen ere, gerora agertzen joan da, eta gaur egun, Enkarterrian,eta Arabako mendebaldean daude. "Arabako Foru Aldundiak hainba ikerketa egin ditu, eta kusi da talde bat edo bi direla eta asko mugitzen direla, Burgos, Araba eta Bizkaia artean", azaldu du Zabalak.

Basakatua, Felis silvestris. Arg. © iStockphoto.com/Andyworks

Katuak eta mapatxeak

Basakatuari ( Felis silvestris ) dagokionez, zailagoa da haren egoera zein den jakitea. "Oso gutxi ezagutzen den espeziea da. Ez dira ikusten eta harrapatzen zailak dira" dio Zabalak. Lan bat edo beste egin da oinatzekin, "baina nola jakin ez direla etxeko katu baten oinatzak?". Ikusita ere, zailak dira bereizten, basakatu itxurako etxeko katuak izan daitezke, edo hibridoak. "Eskozia aldean egin diren azterketa genetikoek erakutsi dute hibrido-kopurua oso handia dela. Hibridazioa arazo handi bat da basakatuaren kontserbaziorako. Hemen ez dakigu zein den hibrido-kopurua, ezta basakatuaren egoera zein den ere. Badakigu badagoela, batez ere mendialdean, baina oso datu eskasak dira" azaldu du Zabalak.

Beste "katu" bat askoz arruntagoa da: katajineta ( Genetta genetta ). Berez Afrikako animalia da, Europan Erdi Aroan sartu zena. Arabiarren katuak ziren. "Itsasontzietan arratoiak eta kontrolatzeko, eta maskota gisa erabiltzen zituzten" dio Zabalak. Espainiako hegoaldetik sartu eta hortik zabaldu zen, penintsula osoan, gero Frantzian, eta "orain Belgika parean dago". Sasitza eta baso itxiak ditu gustuko. "Oso zaila da ikusteko. Mendian errazagoa da lepazuria edo azkonarra ikustea, baina tranpetan gehien harrapatzen dena izaten da".

Horraino Euskal Herrian gaur egun bizi den karniboro dozena. Baina baliteke laster hamahirugarrena kontatu behar izatea. Izan ere, Zabalaren esanean, "mapatxeren bat edo beste agertu izan da. Zoologikoetatik edo partikularrei ihes eginak dira normalean. Baina, Madrilen, esaterako, dagoeneko populazioak osatu dituzte, eta Euskal Herrian orain arte datu solteak baino izan ez diren arren, azken joeren arabera posible da hemendik gutxira populazioak osatzea".

Tranpak eta pozoiak
Karniboroak haragijale izaki, etsai izan ditugu sarri. Baserrietako txitak eta oiloak direla, larreetako ardiak, edo erreketako arrainak, ohikoa izan da piztia horiekiko ezinikusia. Eta tranpak eta pozoiak erabiliz egin izan diegu aurre. "Tranpak ez dira hain kaltegarriak --dio Zabalak--; tranpa batekin gehienez ere animalia bat edo bi hilko dituzu. Baina, pozoia... Pozoi asko zabal daiteke ahalegin gutxirekin, eta ez dakizu zenbat animalia hiltzen ari zaren, ez eta zer animalia ere. Pozoia benetako mehatxua izatera iritsi zen. Otsoari, adibidez, kalte asko egin dio pozoiak". Baina egoera aldatu egin da."Gaur egun, tranpak jartzea ez da hain ohikoa, eta zorionez, pozoia dagoeneko ez da erabiltzen. Oso arraroa da gaur egun Euskal Herrian pozoia ikustea. Egundoko aurrerakada izan da hori".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia