}

Euskal Herriko hezeguneak (XI): ibaiertzetako basoak eta ibar-basoak (eta II)

2001/04/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurreko hilabetean ibaiertzetan garatzen diren baso-ekosistema hezeak azterzeari ekin genion. Onduan, ibaien dinamikarekin erabat erlazionatutako hezegune berezi hauen ezaugarriak eta landarediaren egituraketa aztertu genituen. Oraingoan, ordea, ibaiertzetako basoetako eta ibar-basoetako fauna eta horien egoera Euskal Herrian helarazi nahi dizuegu.

Fauna

Ornogabe-espezie ugari bizi da ibaiertzetako basoetan eta ibar-basoetan.
M. Estonba

Ibaiertzetako basoetan eta ibar-basoetan zaila da ertzetako fauna eta ibaikoa bereiztea, bizitza osoa ibaiko uretan igarotzen duten arrainek izan ezik, ingurune horietako gainerako animalia gehienek erlazio estua baitute bai ertzekin bai ibaiarekin: batzuk ibaian elikatu eta ertzean bizi direlako; beste batzuek bizi-zikloaren zenbait aldi uretan eta beste zenbait ertzean igarotzen dituztelako; eta azken batzuk, ibaikoak zein ertzekoak izanik, aldizka ondoko ekosistemaren baliabideak ustiatzeari uko egiten ez diotelako. Hots, ibai eta ertzetako faunak ia banaezinak direla esan daiteke.

Meandroetan, ama-ubideetan, bigarren mailako ubideetan eta horrelako inguruetan nagusi diren ur geldietan ornogabe-espezie ugarik bizitzeko baldintza egokiak aurkitzen ditu. Anelidoen artean, naroak dira Stylaria eta Tubifex generoetako oligoketoak, baita izainak bezalako hirudineoak ere. Sphaerium eta Pisidium generoetako bibalbioak arrain-espezie ugariren elikadura-iturri nagusia dira. Landaredi oparoa duten ur geldietan, ordea, Lymnaea, Planorbis, Ancylus, Acroloxus, Viviparus... generoetako gastropodoak aurki daitezke.

Hala ere, artropodoak dira, zalantzarik gabe, ekosistema heze hauetan ugarienak eta espezie gehien dutenak. Krustazeoei dagokienez, zooplanktonaren portzentaje handi bat entomostrazeoez, kopepodoez eta beste krustazeo mikroskopikoez osatuta dago.

Lertxun gorria.
J.R. Aihartza

Hondoetan ere, ostrakodoak oso ugariak dira. Ezagunenak, berriz, krustazeo makroskopikoak dira, hala nola, ibai karramarroa, izkirak, Asellus generoko isopodoak, Gammarus generoko anfipodoak...

Intsektuen artean, bizi-ziklo osoa uretan burutzen duten espezieak egon arren, ugariagoak dira bizi-zikloaren larba-aldia uretan eta heldu-aldia lehorrean burutzen dutenak.Azken horien artean, gorputz-anatomia ikusgarria dela eta, aipamen berezia merezi dute odonatuak (burruntzi eta sorgin-orratzak). Gomphus, Anax, Calopteryx, Sialis... generoetako espezie ugari bizi da ibaiertzetako eta ibar-basoetako ur geldietan larba-aldian eta heldutasunera iritsitakoan ere ez dira alderdi horietatik gehiegi urruntzen.

Baina odonatoez gain, badira ibai eta ertzetako ekosistemekin erlazio estua duten beste intsektu batzuk ere. Heldu-aldi oso laburra izateagatik bereizten diren efemeropteroen larba urtarrek, ekosistema horietako hainbat ornodunen dietaren zati garrantzitsua osatzen dute, baita eurek eraikitako hodien barruan bizitzeagatik bereizten diren trikopteroen larbak edo arnasa hartu ahal izateko ur-azalera hurbildu behar duten nematozeroen (eltxoak) larbek ere.

Efemeropteroen artean, Cloeon, Caenis, Ephemera edo Heptagenia generoetako hainbat espezie erruz ikusten dira gure ibaietan.

Martin arrantzalea da ur eta lehorraren arteko ekosistema horietako hegaztirik ugarienetakoa.
G. Gorospe

Trikopteroen artean, berriz, Limnophilus, Glyphotaelius, Anabolia, Crunoecia, Goera, Molanna... generoetako espezieak dira ugarienak. Nematozeroen artean, azkenik, Culex, Corethra, Chironomus edo Simulium generoak dira aipagarrienak.

Bizi-ziklo osoa uretan igarotzen dutenen artean, berriz, koleopteroak nagusi dira. Helduek airea elitroen azpian biltzen badute ere, sarritan igo behar dute ur-azalera arnasa hartzera. Espezie gehienak, bai larba-aldian, bai heldu-aldian, haragijaleak eta igerilari eta murgilari trebeak dira. Koleoptero urtarren artean aipagarrienak Acilius, Dytiscus, Platambus, Gyrinus eta Hydrous generoetako hainbat espezie dira.

Ornodunei dagokienez ere, egundoko aberastasuna eta aniztasuna izan ohi da baso heze hauetan. Anfibioen artean, ugarienak uhandre marmolairea, ur-igel arrunta eta apo arrunta eta lasterkaria dira, baina eskualde mediterraneoan, horiei txantxikua, apo ezproiduna eta apo pintatu iberiarra gehitu behar zaie.

Sorgin-orratza ( Calopteryx splendens ). (M. Estonba).

Narrastiei dagokienez, suge-espezie igerilariez gain (suge biperakara eta suge gorbataduna), apoarmatu istilzalea eta korrontezalea ere ikus daitezke alderdi horietan eta lurraldearen hegoaldeko ibar-basoetan baita dragoitxo arrunta ere.

Ugaztunen artean, ezagunenak igaraba, ur-ipurtatsa eta ipurtats arrunta dira, baina horrek ez du esan nahi naroenak direnik, mikrougaztunak askoz ere gehiago baitira. Satitsu, muxar, lursagu, sagu eta arratoi espezie ugarik ustiatzen du uraren eta lehorraren arteko baso horiek eskaintzen dizkien baliabide trofiko pila. Horrez gain, badira ekosistema horietakoak izan gabe, bertan maiz ikus daitezkeen beste hainbat ugaztun, hala nola, azkonarra, azeria, katajineta, lepazuria edo basakatua.

Hala ere, gainerako hezegune-mota gehienetan gertatzen den moduan, ornodunen artean ugarienak hegaztiak dira, ekosistema heze eta urtarretan bizitzera moldatutako hegazti-espezie gehienak ez ezik, ibaiertzetako baso eta ibar-basoetako zuhaitzetan eta landaredi trinkoa dagoen guneetan hainbat eta hainbat espezie lehortar ere bizi baitira. Euskal Herriko hegoaldean gainera, aipatutako hegazti lehortarrentzat baso hauek sekulako garrantzia dute, eskualde horretako nekazaritza-ustiategi handiek gainerako baso-motak hutsaren hurrengo bilakatzea eragin baitute eta, beraz, ibar-basoak dira hegazti hauek bizitzeko aurkitzen dituzten eremu ia bakarrak.

Moluskuak arrain- eta hegazti-espezie ugariren elikatze-iturri dira. Argazkian Lymnaea generoko gastropodoa.
M. Estonba

Eskualde eurosiberiarreko ibaietan ur-zozoa, martin arrantzalea, kuliska txikia eta buztanikara horia dira urarekiko mendekotasunik handiena dutenak, bertan elikatzen baitira. Aipatutako ibaien ertzetan eratzen diren haltzadietan paseriforme ugari ikus daiteke, hala nola, txinboak, erregetxoak, kazkabeltzak eta amilotxak, birigarroak eta zozoak, txepetxak, gerri-txoriak, errekatxindorrak...

Eskualde mediterraneoko ibar-basoetan, haltzadiei zegokienean aipatutakoez gain, uraren inguruetan honako hegazti hauek bizi ohi dira: txilinportak eta murgilak; hainbat ahate-espezie; zikoinak; lertxun, lertxuntxo eta amiltxoriak; uroilo eta kopetazuriak...

Ibaien dinamikak meandroen kanpoko aldean sortzen dituen higadura-malkarretan, ordea, erlatxoria edo uholde-enara bezalako hegaztiek habia egiteko baldintza egokiak aurkitzen dituzte. Bestalde, ama-ubideetan edo bigarren mailako ubideetan sarritan garatzen diren lezkadietan lezkariak, benarrizak, ihi-txoriak, berdantzak edo errekatxindorrak bezalako hegaztiak bizi dira.

Lertxun hauskara (Ardea cinerea) . (G.Gorospe).

Dena dela, hegazti-aberastasunik handiena ibar-basoetako makaldi eta zumardi trinkoetan dago: okilak, kukuak, urretxoriak, usapalak, dilindariak, antzandobiak, sasi-txoriak, txirriskilak, txorruak, buztanluzeak, belatz handiak, miru beltzak, sai zuriak, arrano txikiak, zingira-mirotzak... dira, besteak beste, baso heze horietan ikus daitezkeen hegaztiak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia