}

Euskal Herriko hezeguneak (V): barrualdeko hezeguneak: zohikaztegiak

2000/09/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Menditik ibiltzea gustuko dutenek, segur aski, noizbait botekin zapaldutakoan ura jariatzen duten esponja moduko larre hezeak zeharkatu dituzte. Gure mendietan, drainatze eskaseko lepoetan, hegien erlaitzetan edo beste erako toki lauetan garatu ohi diren larre berezi hauek zohikaztegiak dira: gure hezegune-mota ezezagunenak.

Zohikaztegiak, normalean, maila freatikoa nahiko goian mantentzen duten hareharri, marga edo buztin moduko harri iragazkaitzen zokoguneetan sortzen direnez, urez asetutako inguruneak dira. Ur-asetasun horren ondorioz, oxigenoa urria da eta difusioa geldoa; horrez gain, toki horietan tenperatura baxuak nagusi dira; bi faktore horiek humusa hartziduraren bidez deskonposatzea eragiten dute. Prozesu horretan askatzen diren azidoek bakterioen jarduera eten egiten dute eta materia organikoa usteldu gabe geratzen da; ondorioz, zohikatz izenez ezagutzen den harri organikoak metatzen dira. Zohikatza hainbat mantenugai mineraletan (batez ere fosforo eta nitrogenoan) oso pobrea da, erabat deskonposatu gabeko materia organikotik sortzen den lurzoru azido horretan elementu horiek laster galtzen baitira. Hori dela eta, landare karniboroak arruntak dira, intsektuak baitira eremu txiro horietako nitrogeno-iturri ia bakarrak. Zohikaztegietan nagusi diren baldintza anoxiko eta azidoei esker, ingurune horietan harrapatuak gelditzen diren objektuak (lore-hautsa, egurrak, animalia eta landareen hondakinak...) denbora pasa arren, egoera onean mantentzen dira. Hori dela eta, arkeologi eta paleoklimatikologiaren ikuspegitik zohikaztegiak balio handiko tokiak dira. Horri esker, historiaren aldietan Lurraren atmosfera-ezaugarriak eta landarediaren konposizioa jakin ahal izateaz gain, antzinako giza kulturak ulertzeko hainbat datu interesgarri aurkitu dira.

Dena den, substratu eta uraren jatorriaren arabera, mantenugai mineralen kontzentrazio eta landare-konposizio desberdinak dituzten zohikaztegi-motak aurki ditzakegu. Oro har, zohikaztegiak bi mota nagusitan banatzen dira: Bog motako zohikaztegi onbrotrofikoak edo oligotrofikoak eta Fen motako zohikaztegi minerotrofikoak edo eutrofikoak.

Bog motako zohikaztegi onbrotrofikoak edo oligotrofikoak harri iragazkaitzen zokoguneetan sortzen dira eta, normalean, euri-ura soilik jasotzen dute. Mantenugaiei dagokienez, zohikaztegi hauek nahiko pobreak izan ohi dira. Hau da Euskal Herrian nagusi den zohikaztegi-mota eta bere jatorria dagoeneko aipatu dugun drainatze eskaseko mendi-lepo edo hegien erlaitzetan bilatu behar da.

Fen motako zohikaztegi minerotrofikoak edo eutrofikoak: harri iragazkorren zokoguneetan edo mendiko erreken ubideen inguruan kokatzen diren zohikaztegiak direnez, normalean, euri-uraz gain, lur azpiko edo isurketako urak ere jasotzen dituzte eta, horregatik, mantenugai mineral gehiago izan ohi dituzte. Hauen jatorriari dagokionez, sedimentuz bete diren mendiko lakuak, aldapa leuneko mendi-errekak edo hezetasun handiko mendi-hegien erlaitzak izan ohi dira.

Landaredia

Zohikaztegietako ingurugiro-baldintza bereziak direla eta, bertan garatzen den landaredia ere bizi-baldintza gogor horietan bizitzeko ongi moldatutako espezie bereziez osatuta dago. Gainera, ingurugiro-baldintza horien ondorioz, biodibertsitatea mantentzeko habitat-irlak direla esan daiteke; gaur egun, glaziazio-garaietako benetako erlikia gisa onartuta dauden hainbat landare-espezie toki horietan soilik aurki daitezke. Horri guztiari, zohikaztegietan aurkitzen dugun askotariko mikrohabitatak (goroldioen lautadak, aintzira eta putzu txikiak, errekatxoak...) gehitzen badizkiegu, biomasaren ikuspegitik emaitzak nahiko pobreak izan arren, biodibertsitatearen aldetik balio handiko ekosistemak dira. Zoritxarrez, zohikaztegien balio natural garrantzitsu hori orain arte oharkabean igaro da, nagusiki toki horiek ornitologiaren aldetik duten interes urriagatik.

Euskal Herrian aurkitzen ditugun zohikaztegietan desberdintasun nabarmenak badaude ere, oro har, bertako landaredia lau landare-eraztunetan antolatzen dela esan daiteke: esfagnoez osatutako berezko zohikaztegia, ur-korronte eta aintzira txikietan garatzen den ur-landaredia, ihitoki azidofiloak eta zohikaztegietako txilardiak.

Esfagnoez osatutako berezko zohikaztegiak

Zohikaztegien zati garrantzitsuena landare-hondakinez eta, batez ere, Sphagnum generoko goroldioen hondakinez osatutako zohikatzaren metaketek osatzen dute. Zohikaztegietan, barrualdeko zatia hil egiten den bitartean, esfagnoek kanporantz hazten diren burko itxurako egiturak eratzen dituzte. Egitura horiek eginkizun garrantzitsua betetzen dute erreka eta latsen ur-emaria kontrolatzeko orduan; euria egiten duenean, ura zurgatu eta lehorraldietan pixkanaka-pixkanaka askatzen dute.

Esfagnoek bi zelula-mota dituzte: klorozistoak eta hialozistoak. Lehenengoek zelula-edukia eta klorofila dute eta, beraz, fotosintesia egiten dute. Bigarrenak, ordea, zelula hutsak dira eta poroak dituzte. Azken horiek dira, hain zuzen ere, ura bere barnean metatzen dutenak, baina ez soilik ura, katioiak aktiboki harrapatu eta H+ askatzen baitituzte; horren ondorioz, zohikaztegietako ura azidotu egiten da.

Zohikaztegietan gutxi gorabehera 30 esfagno-espezie aurki daitezke eta horiekin batera hainbat landare-espezie baskular ere, hala nola, Narthecium ossifragum, Hypericum elodes edo Drosera, Utricularia eta Pinguicula generoetako landare karniboroen espezieak.

Zohikaztegietako ur-landaredia

Zohikaztegietako ur-korronte edo aintzira txikietako urak oligotrofo eta azidoak dira; beraz, habitat horretan landare-komunitate bereziak bizi dira.

Komunitate horietan algek garrantzi handia dute. Alga makroskopikoei dagokienez, Chara eta Nitella generoetako hainbat espezie dira aipagarrienak. Hala ere, alga mikroskopikoak dira dibertsitate handiena azaltzen dutenak. Alga mikroskopiko horiek konpartimentu espazial desberdinetan bizi dira: batzuk, fitoplanktona osatzen dutenak, uretan flotatzen bizi dira; beste batzuk beste landare batzuei itsatsiak bizi dira eta perifiton deritzan konpartimentua osatzen dute. Azkenekoak, tetoplanktona osatzen dutenak, zelula hutsen edo goroldioen hostotxoen barrunbeetan bizi dira. Horietatik guztietatik, aipatzekoak dira azidotasun-maila altuetan bizitzeko moldatuta dauden desmidiazeoak edo zianofizeoak . Azken horiek atmosferako nitrogenoa finkatzeko gaitasuna dutenez, mantenugai mineral askorik ez dauden tokietan bizi daitezke.

Landare baskularrei dagokienez, ordea, landare-espezie ugarienak Hypericum elodes, Rannunculus flammula, Viola palustris eta abar dira. Zenbait zohikaztegitan gainera, bere hedapen urria dela eta, balio handiko landaretzat jotzen den uretako hirusta espeziea ( Monyanthea trifoliata ) ikus daiteke.

Ihitoki azidofiloak

Lurzoruaren hezetasuna altua izan arren, beti istilduak ez dauden zohikaztegien bazterretako ingurugiro-baldintzek eraginda, nagusiki ihi-espezieez osatutako ihitoki azidofiloak deritzan landare-komunitatea bizi da han. Landare-komunitate horietako espezie ugarienak Juncus effusus , Juncus conglomeratus eta Juncus acutiflorus ihi-espezieak dira. Horiekin batera, askoz ere dentsitate txikiagoan, beste landare-espezie batzuk aurki ditzakegu, hala nola Senecio aquaticus, Carum verticillatum, Galium palustre, Eriophorum sp. eta abar.

Zohikaztegietako txilardiak

Azkenik, noizbehinka istiltzen diren zohikaztegien ertzetan nagusiki Erica tetralix eta Erica ciliaris txilar-espezieez osatutako txilardiak garatu ohi dira. Landare-komunitate horietan, lurzoruaren hezetasunaz gain, atmosferako hezetasunak ere garrantzia hartzen du eta, horregatik, komunitate horiek ez dira soilik zohikaztegien ertzetan agertzen, laino ugari eta prezipitazio altuko hegi eta gailur silizeoetan ere agertzen dira.

Txilardi horietan, lehen aipatutako txilar-espezieez gain, ohikoak dira Molinia caerulea, Calluna vulgaris, Gentiana pneumonanthe, Pedicularis sylvatica eta abarren moduko landare-espezieak ere.

Fauna

Tradizionalki, hezeguneen garrantzia bere ornitofauna-aberastasunaren arabera neurtu denez, zohikaztegiak ez dira arlo horretan behar bezala balioetsi, ez baitituzte, gainontzeko hezegune-mota gehienen modura, hegazti-komunitate joririk ostatatzen.

Dena den, zohikaztegietako fauna aztertzerakoan, ondorengoa kontuan hartu beharko dugu: ekosistema horiek oligotrofoak direnez, animalia-komunitateak ez dira aberatsak izango. Beraz, faunaren ikuspegitik zohikaztegiek duten garrantzia ez dugu biomasa-kantitate handietan bilatu behar, fauna horren orijinaltasunean eta espezializazioan baizik. Ildo horri jarraiki, alde aipagarriena hainbat anfibio-espezieren ugalketarako zohikaztegiek duten garrantzia litzateke. Jakina denez, anfibioen bizi-zikloaren hasierako aldiak halabeharrez uretan gertatu behar dira. Gainera, kasu gehienetan, ur horiek nahiko geldoak izan behar dute eta, beraz, mendietan nagusi diren erreka eta latsen korronte handiko urak ez dira egokiak. Horregatik, zohikaztegiak eta ondoren aztertuko ditugun beste mendiko hezeguneak ezinbestekoak dira mendialdeko anfibioen ugalketarako.

Zohikaztegietako uretan anfibio-espezie hauek ugaltzen dira: arrubioa, igel arrunta, apo arrunta edo uhandre palmatua eta Euskal Herrian populazio bakan eta urriak mantentzen dituzten gailurretako uhandrea, baso-igel gorria edo baso-igel iberiarra.

Aipatzekoa da ere hainbat intsektu-espezierentzat ingurune horiek duten garrantzia, batez ere, bere bizi-zikloan fase urtarra azaltzen dutenentzat. Talde horren barruan azpimarratzekoak dira odonatuak (burruntzi eta sorgin-orratzak). Zohikaztegietan erraz ikus daitezkeen odonatu-espezieak Cordulegaster boltonii edo Orthetrun coeruslescens dira. Horiez gain, intsektuen beste ordenetako hainbat espeziek ere zohikaztegiak erabiltzen dituzte bizi-zikloaren aldi urtarra igarotzeko, hala nola eltxoak, efemerak eta abarrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia