Euskal gramatika burmuinean
2006/06/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Helduetan hizkuntza --kasu honetan, euskara-- nola prozesatzen den aztertzen dute EHUko ikertzaileek. Euskaraz hainbat hitz-hurrenkera erabil daitezke. Hizkuntzalari gehienek defendatzen dute euskararen oinarrizko hitz-ordena SOV (subjektua, objektua eta aditza) dela. Adibidez, emakumeak gizona ikusi du . Beste hitz-hurrenkerak ( gizona emakumeak ikusi du , OSV hurrenkera, adibidez) oinarrizko SOV horretatik eratortzen dira. Eratorritako egitura horiek oinarrizkoak baino konplexutasun sintaktiko handiagoa dute, eta burmuinari prozesatze-lan handiagoa eragiten diote.
Hitzen ordena
Bestetik, bigarren esperimentu-motan elektroentzefalogramak egin dizkiete zenbait euskalduni. Hainbat elektrodo dituen txanoa ezarri diete buruan, eta horrek burmuineko aktibitatea neurtzen du. Estimulu bat eman eta berehala (100 milisegundora) burmuinean zer eragiketa gertatu diren adierazten du. Beraz, elektrodo-txanoa jarri eta SOV nahiz OSV egiturako perpausak irakurri behar izan dituzte hainbat euskaldunek pantaila baten aurrean. Hala, garunak bataren zein bestearen aurrean nola jokatzen duen aztertu dute. Ezberdin jokatzen duela ikusi dute. Euskararen kasuan, OSV egituran objektua lekuz aldatuta egoteak eragiten duen konplexutasun sintaktikoaren zantzu elektrofisiologikoak atzeman dituzte.
Ikerketa honek egun hizkuntzalaritzaren esparruan dauden hipotesi nagusiak are gehiago indartzen ditu. Izan ere, ikerketaren argitan, SOV egitura da lan gutxiena eginda euskal gramatikak berez sortzen duen hurrenkera.
Euskaldunok SOV nahiz OSV izan daitezkeen kate anbiguoak nola prozesatzen ditugun ere aztertu dute -- emakumeak gizonak ikusi ditu, adibidez--. Burmuinak aldizka ikusten ditu bi egitura horiek, ezin ditu biak aldi berean prozesatu. Hurrenkera anbiguoen aurrean, euskaldunok SOV aukeratzen dugu, eta beste faktore batzuek behartzen bagaituzte bakarrik aukeratzen dugu OSV adiera; esaterako, munduaren ezagutzak behartzen gaitu ardiak otsoak jan ditu hurrenkera batean OSV aukeratzera, SOV hurrenkera aukeratu beharrean. Ondorioz, EHUko ikertzaile-taldearen emaitzen arabera, euskal gramatikak badu oinarrizko hitz-ordena bat, eta gainerakoak haren inguruan egindako areagoko eragiketa sintaktikoak koak haren inguruan egindako areagoko eragiketa sintaktikoak dira.
Perpaus okerrak
Esaldi zuzenaren eta okerraren prozesamendua alderatuz gero, akatsa dagoen puntuan emaitza ezberdinak esperoko genituzke. Ikerketan, esaldiaren egitura, aditz-komunztadura, kasua (ergatiboa) eta semantika urratzen dituzten perpausak erabili dituzte. Perpaus okerrak eta zuzenak alderatu dituzte jaiotzetiko hiztunetan eta jaiotzetikoak ez direnetan. Burmuinak ez du berdin jokatzen euskara-gaztelania elebidunen bi kasu horietan. Dena den, burmuina aztertu gabe, gaur egun ez dago bi talde horiek bereizterik.
Hori guztia helduekin egin dute Psikolinguistika Laborategian. Baina normalean esaten da hizkuntzaren jabekuntzak baduela aro bat, haurtzaroa. Haurrak dira hizkuntzak errazen ikasten dituztenak. Horren harira, etorkizunean haur txikiekin lan horretan hastea da EHUko ikertzaile-taldearen asmoa.