Euskadi Sarien banaketa-ekitaldia

Hamargarren urteurrena dute Ikerkuntzako Euskadi Sariek. Eta, atzo bertan, iluntzean, banatu ziren 2005ari dagozkion bi sariak, Giza Zientziei eta Humanitateei dagokiena bata eta Zientziari eta Teknologiari dagokiona bestea.

Giza Zientzien arloan Mari Carmen Gallastegi bergararra saritu zuten. Ekonomia-analisien oinarrietan katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean; eta, besteak beste, ingurumen-ekonomian eta eredu bioekonomikoen arloan egiten du lan. Gainera, nabarmentzekoa da sari hori jasotzen duen lehenengo emakumea dela.

Zientzia eta Teknologia arloko Ikerkuntako Euskadi Saria, berriz, Jose Maria Asua k jaso zuen. Emultsio-polimerizazioetan aditua, Euskal Herriko Unibertsitatearen Kimika Fakultatean katedraduna da, eta, besteak beste, Polymat institutuaren zuzendaria ere bada. Hain zuzen ere, fakultateko lankideei eskaini zien saria, irakasle zein ikasleei, guztien lanaren ordaina zela esanez.

Saria lehendakariaren eskutik jaso zuten, eta, hark ez ezik, ekitaldian parte hartu zuten Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak ere.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali