}

Europar gehienek zientzia onuragarria dela uste dute, baina badituze kezkak eta errezeloak ere

2025/02/11 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

europar-gehienek-zientzia-onuragarria-dela-uste-du
Europako herritarrek zientziaz eta teknologiaz dituzten ezagutzez eta jarrerez galdetu du Eurobarometroak - Arg.

Europako herritar gehienek zientzia onuragarria dela aitortzen dute, Europako herritarrek zientziaz eta teknologiaz dituzten ezagutzez eta jarrerez Eurobarometroak egindako azken inkestaren arabera. Horrekin batera, baina, onura horiek modu bidezkoagoan banatzea nahi dute, eta zuhur agertzen dira, zientziak eta teknologiak eragin kaltegarriak ere izan ditzaketelakoan.

Zehazki, 10 herritarretatik 8k baino gehiagok (% 83) adierazi dute, oro har, zientziak eta teknologiak eragin positiboa dutela. Bi herenek (% 67) esan dute zientziak eta teknologiak pertsonen bizitza hobetzen dutela, errazagoa, osasuntsuagoa eta erosoagoa bihurtuz. Horrez gain, antzeko ehunekoak uste du ingurumena hobetzen eta klima-aldaketari aurre egiten lagun dezaketela. 

Alabaina, era berean, adierazi dute onurak modu bidezkoagoan banatu beharko liratekeela, eta susmoa dute enpresei dirua irabazten laguntzen dietela gehienbat. Ildo beretik, inkestatu gehien-gehienek (% 80) uste dute funts publikoekin finantzatutako ikerketen emaitzak sarean jarri behar direla eskuragarri, doan. 

Hainbat galderari emandako erantzunek agerian utzi zuten herritarrek zientzia inklusiboagoa izatea eskatzen dutela: onurak jende gehiagorengana iristea nahi dute, eta jende gehiagok parte hartzea zientzian. Horrekin lotuta, zientzian eta teknologian genero-berdintasuna babesteak duen garrantziaz galdetuta, % 69k uste du lagungarria izango litzatekeela gizarte justuago eta berdinzaleago bat izateko, eta % 63k, berriz, ikerketaren emaitzak hobetzen ere lagunduko lukeela.

Gazteei begira, inkestari erantzun dioten gehienek azpimarratu dute zientziak eragin positiboa izango duela haientzat: % 68k adierazi dute zientziak aukera gehiago sortuko dituela hurrengo belaunaldientzat; eta  % 61ek, ondo informatutako herritar gisa jarduteko prestatzen dituela.

Adimen Artifizialaren erabilerari dagokionean, inkestatuen erdiak (% 50) esan du uste duela AAk mesede egin dezakeela klima-aldaketa eta gaixotasunak bezalako erronka larriekin lotutako aurkikuntza zientifikoetan. Horrekin batera, ordea, inkestatutakoen % 38k baino ez du esan AAren laguntzaz sortutako ikerketa zientifikoetan eta aurkikuntzetan konfiantza duela, eta laurden batek (% 25), berriz, mesfidantza dio ikerketa mota horri. Halaber, % 58 inguruk adierazi du kezkaren bat, aplikazio zientifikoek giza eskubideak mehatxatzeko duten ahalmenaz. Bestalde, galdera batzuetan, alde nabarmenak daude erantzunetan, herrialde batetik bestera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia