}

Europako ingurumen-osasuna

2001/10/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Ingurumena kaltetzen duten faktoreez hitz egitean, berehala aipatzen dira fabriketako keak, ibaietara isurtzen diren zikinkeriak, etxeetako zaborrak… Bada, ordea, oraindik gehiegi aipatzen ez den eragilerik ere: garraioa horietako bat.

Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak duela gutxi atera du TERM 2001 txostena. Txosten horretan garraioen eta ingurumenaren arteko oreka/desoreka nolakoa den aztertzen da. Ondorio orokor gisara honako hau: ingurumenari dagokionez, garraioen egoera Europan gero eta okerragoa da.

Turismoak etorkizuna izatekotan bilakaera jasangarria izan beharko du, jende gutxik nahiko baitu hondatutako mendiak eta hondartzak bisitatzea
Elhuyar

Garraioak ingurumenean egiten duen presioa gero eta handiagoa omen da. Errepideetan ibiltzen diren ibilgailuek eta hegazkinek poluitzaile toxikoak eta berotegi efektuko gasak igortzen dituzte, hondakinak sortzen dituzte, poluzio akustikoa eragin eta, errepideak egin behar direnez, lurraldea zatitzen dute. TERM 2001 txostenak dioenez, oraindik asko geratzen da garraioarena sektore berde bihurtzeko. Europako Batasunak 2010. urterako trenbide, itsaso eta ibai bidezko garraioari garrantzia eman, eta hegazkin zein errepide bidezkoei kendu egin nahi die. Joera bestelakoa da.

Izan ere, automobila eta hegazkina garraiobide nagusi bihurtu dira, gero eta nagusiagoak. Ondorioz, garraioen arloak inoiz baino energia gehiago xahutzen du. Datua: 1985etik hona garraioen arloan energia-kontsumoa % 47 hazi da; gainerako sektore ekonomikoetan, berriz, hazkundea % 4,2koa izan da. Horrekin batera, berotegi efektuko gasen igorpena ere asko igo da. Txostenaren arabera, Europan gertatzen diren karbono dioxido emisioen % 24 garraioaren alorrak eragindakoak dira; 1990. urtean, portzentajea % 9koa baino ez zen.

Berotegi-efektua areagotzen duten gas horiek gehitzea ez da batere harrigarria, 1980. eta 1998. urteen artean Europan ibilgailu-kopurua % 64 hazi baitzen. Denbora tarte horretan, 1.000 biztanleko 451 ibilgailu zeuden, ia ibilgailu bat bi pertsonako. Ondorioz, hondatzen eta botatzen diren ibilgailuak ere gora egin du.

"TERM 2001 txostenak dioenez, 1995ean 11.300.000 ibilgailu eraman ziren arbastatzera; 2015. urtean kopurua 17 milioikoa izango omen da. Errepidean izandako istripuen ondoriozko hildakoen kopuruak behera egin badu ere, istripu-kopurua bera areagotu egin denez, zauritutakoen kopuruak ere gora egin du. Txostenean agertzen diren datuen arabera, Europako Batasuneko errepideetan 41.000 pertsona inguruk galtzen du bizia urtero; zauritzen direnen kopurua, berriz, 40 aldiz handiagoa da.

1995ean 11.300.000 ibilgailu eraman ziren arbastatzera.
Elhuyar

Istripuetako galerak ez ezik, garraioen alorra bestelako kalteak eragiten ere ari da. Istripuei kalte ekologikoak eta errepidean galtzen den denbora gehituz gero, adituek diote garraioaren arloaren zeharkako kostua Europako Barne Produktu Gordinaren % 8 dela gutxi gorabehera. Kalte ekologikoak aipatzean, errepide-sarea bera hartu behar da kontuan, garraioarentzat behar diren azpiegiturak lurraldea zatitzen ari baitira. 1980. urtetik hona, Europako autobide-sareen luzera % 70 baino gehiago hazi da; ohiko trenbide-sareena, berriz, % 9 gutxitu da. Horrek esan nahi du errepide bidezko garraioak gero eta garrantzia handiagoa duela. Gaur egun, merkantzien garraioari dagokionez, kilometroko tonen % 43 errepidez eramaten da; 1980an, kopuru hori % 33koa zen.

Guztia, ordea, ez da txarra; TERM 2001 txostenean ingurumenarekiko onak izan daitezkeen joerak ere jaso dira. Onurak, batez ere, teknologiaren aurrerapenaren eta erregai berrien ondorioa dira, horiei esker gero eta gutxiago poluitzen duten ibilgailuak merkaturatu baitira. Automobilek eraginkortasunean ere irabazi dute, energia gutxiago behar dute hobeto ibiltzeko; dena den, potentzia handiagoko automobilak ateratzen direnez eta, sarritan, automobilean gidaria baino joaten ez denez, eraginkortasun teknologikoa ez da uste bezain ona. Horretaz gain, herrialde askotan, ibilgailuak ingurumenari nola eragingo dion begiratzen hasi dira, eta horren arabera zerga-politika zehatzagoak ezartzen. Jakina, neurri horiek eraginkorrak izan daitezen estrategiak bateratua izan behar du.

Turismoa ere kalterako

Europan gertatzen diren karbono dioxido emisioen %24 garraioaren alorrak eragindakoak dira.
Elhuyar

Garraioak aipatzean, gehienetan gogora merkantziak etortzen badira ere, bidaiarien joan-etorriek ere badute bere garrantzia, turismoak eragindako joan-etorriek batez ere.

Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak iaz lehenengoz "Ingurumen Adierazleak" izeneko txostena argitaratu zuen. Dokumentu hartan ingurumenarekin zerikusia duten hainbat arlo aztertu ziren Europan nola kudeatzen ari ziren ikusteko. Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak, ibaietako egoera, energia-kontsumoa… aztertu ondoren, arlo horietan zeuden adierazle txarrak eta onak txostenean utzi zituzten agerian. Urtebete eskas izan arren, txosten hori Europako ingurumen-egoeraren adierazle nagusi bihurtu da.

Aurten "Ingurumen Adierazleak" txostena bigarren aldiz argitaratu dute. Emaitzak alde batera utzita, txosten horrek iazkoaren aldean —bere egitura begiratuta— baditu bi arlo berri: etxebizitzetako kontsumoa eta turismoa.

Bi arlo horien artean, bereziki turismoari eman zaio garrantzia. Izan ere, turismoa, ingurumenan duen eraginagatik, dagoeneko kezka ez ezik arazoak sortzen dituen ekimena da. Aipatutako txostenean ageri diren datuen arabera, turismoak garraioaren sektorean erabiltzen den energiaren erdia xahutzen du; hau da, Europako Batasunean erabiltzen den energiaren % 15.

Aire-zirkulazioaren % 70ek turismoarekin omen du zerikusia. Hala ere, kezkagarriena errepide-zirkulazioaren eragina da. Frantziako kasuan, adibidez, txostenak dio gas poluitzaileen % 7 inguru turismoak eragindakoa dela, herrialde barruan egiten diren bidaia guztien % 80 ibilgailu pribatuetan egiten direlako.

Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak gogoratu du Mediterraneoa munduko turismogunerik garrantzitsuena dela eta, gainera, gero eta turista gehiagoren helburu izaten ari dela. 1990. urtean 260 milioi turistak Mediterraneoko tokiren bat aukeratu zuten oporraldia igarotzeko; 2025. urtean bisitari-kopurua 655 milioitara iritsiko dela espero da. "Ingurumen Adierazleak" txostenean Balear Uharteetako kasua nabarmendu dute, han, urte osoan 800.000 pertsona inguru bizi dira, baina 11 milioi turistaren bisita-leku dira.

Dudarik ez dago turismoa negozio handia dela, munduko industria handienetakoa. Inbertsio ugari eragiten ditu turismoak, diru-sarrerak eta enplegua —askotan behin behinekoa— sortzen ditu eta. Hala ere, turismoaren onuren izenean ez litzateke edozer gauza onartu beharko. Europako Batasuna ere uste eta asmo horretakoa da, eta txostenaren ondorio gisara dio turismoaren industriak etorkizuna izatekotan bilakaera jasangarria izan behar duela, "jende gutxik nahiko baitu turismo basatiak hondatutako mendiak eta poluitutako hondartzak bisitatzea".

Gainerako ingurumen adierazleak

Garraioarekin zerikusia izan dezaketen ingurumen-aldagaiez gain, gainerakoak ere aipatzen dira aurtengo "Ingurumen Adierazleak" txostenean. Xehetasunak ugari dira, baina ondorioak hainbat puntutan laburtu dituzte.

  • Sei metal eta konposatu organiko arriskutsuren eragina Atlantikoaren ipar ekialdean gutxitu egin da 1990-98 epean.
  • Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak, 1990-98 epean, % 2 gutxitu ziren Europan; 1999. urtean, berriz, % 4 gutxitu ziren. Dena den, denbora berean Estatu Batuetan gas horien emisioak % 11 igo ziren.
  • Gero eta hondakin gehiago sortzen ari da, eta egoera horrek zerikusi zuzen zuzena du hazkunde ekonomikoarekin.
  • Garraiorako erregai-eskaera energiaren eskaera orokorra baino bizkorrago hazten ari da. Energia-kontsumoa, batezbeste, % 1 hazi da Europan.
  • Autobideak eraiki ahal izateko, 1990-98 epean, egunero 10 hektarea lur hartu ziren.
  • 1989-98 epean energia berriztagarrietatik lortutako elektrizitatea urtero % 3 inguru hazi zen, baina Europako Batasunak 2010. urterako ezarrita duen helburura iritsi nahi bada, nahitaezkoa da urtero % 5,5 haztea.
  • Etiketa ekologikodun turismoa asko hazi da 1990. urtearekin konparatuz gero, baina hala ere, bazterreko zerbait izaten jarraitzen du.
  • Ekoeraginkortasuna —edozein ekimen ekonomiko aurrera eramatean erabiltzen diren ingurumen baliabideen eraginkortasuna—, garraioan, energia horniduran eta nekazaritzan hobetu egin da.
  • Ibaietako oxigenazio-egoera, oro har, ona da —oxigeno-asetasuna % 70etik gora—, baina Europako hegoaldeko eta mendebaldeko zenbait herrialdetako ibaiak poluituta daude.
  • Herrietako hondakin biodegradarrien % 66 zabortegietara eramaten dira. Hor ez da hobekuntzarik somatu.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia