Europako hiriak huts egiten ari dira klima-aldaketarako egokitzapenetan
2025/05/14 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Klima-aldaketari buruzko BC3 ikerketa-zentroak baieztatu duenez, Europako hiriak atzera geratzen ari dira klima-aldaketari egokitzeko neurrietan. Hain zuzen, nazioarteko beste zentro batzuekin batera egindako ikerketan frogatu dute egokitzapen klimatikoko planen ia % 70k ez dutela funtsik. Ikertzaileen arabera, horrek nabarmen mugatzen du klima-aldaketak sortzen dituen arriskuei aurre egiteko eraginkortasuna. Horrez gain, huts egiten dute gizarte-ekitatean, ez baitituzte kontuan hartzen komunitate kalteberak.
Nature Climate Change aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Berez, 2010az geroztik Europako 28 herrialdetako Europako 885 hiritan egiten ari diren azterketen parte da. BC3ko Marta Olazabal Salgado da ikerketaren egileetako bat, eta, azaldu duenez, Europa munduko beste eskualdeak baino bi aldiz azkarrago ari da berotzen . Horrenbestez, biztanleek gero eta arrisku handiagoa dute klima-aldaketaren ondorioak jasateko; adibidez, uholdeak edo suteak. Horri erantzuteko, ezinbestekoa da egokitzapen-planak ezartzea, ekintza zehatzekin, ikuspegi integratzaileekin, datuetan oinarrituta eta jarraipen-mekanismo argiekin, ahulenak babesik gabe gera ez daitezen. Alabaina, ikerketak agerian jarri du "egokitze-arrakala" nabarmena dagoela.
Hain zuzen, 167 egokitze-plan aztertuta, ikusi dute planen erdiek baino gehiagok ingurumen-arriskuak dagozkien ekintzekin lerrokatu dituztela, baina % 1k bakarrik hartu zituen kontuan komunitate kalteberak, hala nola adinekoak, diru-sarrera txikiko pertsonak eta etnia-gutxiengoak. Ikerketaren egileen arabera, horrek adierazten du arduradunek huts egin dutela gizarte-ekitatea integratzean klima-estrategietan. Haien esanean, planifikazioak koherentea, sendoa eta inklusiboa izan behar du; bestela, komunitate ahulenak atzean uzteko arriskua dago.
BC3ren arabera, ikerketak erreferentzia-puntu berri bat ezartzen du plan klimatikoak ebaluatzeko, eta tresna praktikoak eskaintzen ditu egokitzapen-arrakala ixteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia