}

Europako Ekonomia eta Euskal Herriko industria

1998/10/01 Urdangarin, Karmelo Iturria: Elhuyar aldizkaria

1991ko abenduaren 10 eta 11n Maastricht-eko itunean ezarritako bateratze-irizpideei jarraituz, Ekonomia eta Moneta Batasunaren (EMBren) hirugarren urratsean sartu da Espainia beste hamar estaturekin batera. Aurrerantzean Britainia Handia eta Danimarka ere sartuko direla aurreikus daiteke, horrela ezarri baitzen Europako Batasunaren Itunaren (EBIren) protokoloen eranskinean.

Erabaki honen eragina handia da, batik bat ekonomia-alorrean; beraz, eztabaida Euskal Herriko industriara mugatzea beharrezkoa da. Hala ere, oinarrizko lau aipamen orokor egin behar dira.

Lehena, ekonomia-zientziak ez duela Ekonomia eta Moneta Batasuna ezartzeak izan ditzakeen ondorioak fidagarritasunez aurreikusteko baliabiderik, eta are gutxiago analisia estatu batera mugatuz gero. Balioespena are eta zalantzagarriagoa izango da lurraldea murrizten doan heinean, hala nola Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen denean. Baldintza berdinetan, estatu partehartzaile guztientzat onura orokorrak ekonomikoki eragozpenak baino handiagoak izango direla pentsatuta bat datoz guztiak.

Aipatu beharreko bigarrena, EMBk ez duela, besterik gabe, hazkunde ekonomiko handia edo ongizatea bermatuko; hau guztia, bereziki sektore publikoaren eta pribatuaren egokitzapen-ahalmenaren menpe egongo baita. EMBk ez du, inola ere, lurraldeen arteko banaketa orekatua ere bermatuko. Are gehiago, ondasunak ardatz franko-alemanean biltzearen beldur dira analista asko.

Hirugarren aipamenak garrantzi handia du, politika ekonomikoa aplikatzeko Estatuek subiranotasuna galtzen (edo ia galtzen) duten heinean galera estaltzeko eta lehiakortasun-maila mantentzeko soldatak eta gizarte-ongizatea murriztera jo baitezakete, erabaki horrek gizarte-ondorioak izango dituelarik.

Azkenik, aipatu beharra dago EMBn sartzearen aurrean alternatiba egokirik ez dagoela; aurreikus daitezkeen eragozpenak larriak izan baitaitezke, Espainiako ekonomian bereziki, hau ez baitago autokontrola egitera ohituta.

Euskal Herriko enpresek ahalegin handia egin dute produktuen eta merkatuaren behar berrietara egokitzeko, kanpo-harremanak indartuz eta nazioarte-mailan barneratuz; hala ere, birmoldaketa sakona eginkizun dago. Bestalde, harritzekoa da EUROa ezartzeak izan ditzakeen, eta izango dituen, ondorioak, estrategikoak nahiz funtzionamenduari dagozkionak, gaur egun hausnarketa-gai enpresa handietan bakarrik izatea eta enpresa txikietara ez hedatzea.

Espainia eta Portugal 1986an bilakatu ziren Europako Ekonomia Elkarteko kide; Elkartearen 30 urteko bizitzaren funtzionamendua onartu zuten (komunitate-ondarea) eta muga-zerga eta kanpo-merkataritzako politikari agur esan behar izan zieten. Handik gutxira, 1990eko uztailaren 1ean, Europako Merkatu Bakarra sortzeko pausoak eman ziren.

Hamarkada luze honen ondorengo esperientzia ez da batere positiboa izan; lanpostu-galera handia izan da, batez ere industrian, eta horrek langabetu-kopurua nabarmen hazi du. Bestalde, ez da ahaztu behar Europako Barne Produktu Gordinak Espainian izan duen zatia % 6,22tik % 5,9ra murriztu dela, nahiz eta komunitateko 12 estatuekin alderatuta aurrera egin duen (% 80tik % 90era, gutxi gorabehera).

Aldi berean, eta batik bat 1990. urteaz gero, Euskal Herriko enpresek ahalegin handia egin dute produktuen eta merkatuaren behar berrietara egokitzeko, kanpo-harremanak indartuz (nahiz eta oraindik gutxitxo izan) eta nazioarte-mailan barneratuz; hala ere, birmoldaketa sakona eginkizun dago.

Euskal Herriko industriak orain hamar urteko ajeak ditu, nahiz eta hain sakon errotuak ez egon. Hala ere, sozietate batzuk (gutxi baina garrantzitsuak), testuinguru berrira egokitu egin dira.

Arestian aipatutako ajeetakoak dira honakook:

  • Enpresak txikiak izatea.
  • Kudeaketan konparaziozko defizitak.
  • Produktuak gutxi eboluzionatzea, batik bat etorkizunean eskaera handia izango dutenak.
  • Gure enpresak nazioarte-mailan parte txikia izatea, gure tamainako beste lurralde aurreratuen esportazio-mailara iristen ez delarik.
  • Zerbitzuak urri izatea.
  • Hezkuntza Sistema enpresaren beharretara egokituta ez egotea.
  • Azpiegituren egoera orokorra oso egokia ez izatea.
  • Giro politiko eta soziala aproposena ez izatea.

Egoera honetan hasiko da moneta bakarraren, EUROaren, ezarpena, eta honek, hainbatetan aipatu izan den bezala, erronka eta aukera berriak ekarriko ditu. Erronketan aipatzekoa da debaluazioak desagertzea; hori horrela izango da, ezarpenaren kostu ekonomikoak (informatika, administrazio-sistemak, etab.) handiak izanda ere guztien artean egingo delako. Laguntza publikoak galtzeak ere zenbait jardueratan eragin negatiboa izan dezake.

Moneta ebaluatzeko ezintasuna izan liteke, ordea, etorkizunean garrantzitsuena, enpresen lehiakortasuna berreskuratzeko erabilitako tresna galtzen baita. Egoera berri hau, eta ez dirudi ordezko beste sistemarik ezarriko denik, proba sendoa da gure enpresarientzat, berdinean munduko edozeinekin lehiatzen ohituta dauden arren.

Honek, ordea, abantailak ere baditu, hala nola zalantzak oro har, eta cambiarias-ak bereziki, murriztea, inflazioa apal eta egonkorra izatea eta diruak prezio hobea izatea. Merkatuak gardenagoak izatea (erabakiak hartzea erraztuko luke bestalde) transakzio-kostuak murriztea eta nazioarteko harremanetarako dokumentazioa sinpletzea ere abantaila garrantzitsua izango dira.

Ekonomia eta Moneta Batasunak gure enpresentzat aldaketa eta hobekuntzak eragingo ditu, bai testuinguru orokorrean eta bai garatu beharko duten baldintzetan ere; honek, hasteko, egokitzapen kulturala eta administratiboa eskatuko du, eta jarraian, kudeaketa-modu berriak. Haatik, harritzekoa da EUROa ezartzeak izan ditzakeen, eta izango dituen, ondorioak, estrategikoak nahiz funtzionamenduari dagozkionak, gaur egun hausnarketa-gai enpresa handietan bakarrik izatea eta enpresa txikietara ez hedatzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia