Europako biodibertsitatea ikusmiran
1997/09/01 Chandler, David | Faulks, John Iturria: Elhuyar aldizkaria
1992. urteaz geroztik, hitz berria dabilkigu hitzetik hortzera: biodibertsitatea; formulazioa da berria, bizidunen aniztasuna babesteko beharra, ordea, ez. 1997. urtean diseinatuta eta martxan behar lukete Europako Batzordeak Biodibertsitatearen kontserbaziorako egingo dituen urratsek, Batzordeak berak onetsita. Oraingoz ez da errealitatean horren isladarik ikusten. Kontuak luze joko du, beraz.
Izatez, ez da batere erraza izango biodibertsitatearen kontserbazioa irizpidetzat hartuko duen kultura berria sustatzea. Den-dena egiteke dago, eta baliabide gutxi horri ekiteko. Horregatik, lehentasunak finkatzea lehen eginkizun objektiboa da. Sarreran aipatu dugun bezala, desagertzeko zorian dauden hegazti-espezien arazoa lehenbailehen konpontzekoa da, baina horretarako arazo hori xehe-xehe aztertu beharko da; txosten potoloek nekez emendatuko dute aipatu dugun joera. Erresuma Batuko hainbat natur talde batera ari dira lanean lehentasun horiek finkatzeko. BirdLife International erakundean bilduta daude taldeok; egitura batzuk batera landu izanak tokian tokiko informazioa jasotzeko bideak erraztu egin ditu; Europa osoko egoeraren berri jasotzeko kanalak sortu dituzte, esate erraz baterako.
Proiektuaren helburu nagusia hegaztien dibertsitatea bermatzea da; horrek berarekin bat dakar, batetik, hegazti-espezieak mehatxatzen dituzten faktoreak detektatzea eta konponbidea jartzea eta, bestetik, hegazti horiek bizirauteko behar dituzten baldintzak etorkizunean ere hortxe izango direla ziurtatzea; hitz batean, habitatak babestea. Azken hilabeteotan egindako lanak Europako habitat nagusiak sailkatzea izan du helburu: dagoeneko, 2.500 ingurune sailkatu dituzte; espezie horien kontserbaziorako funtsezkoak dira ingurune horiek. Europako araudia aztertuta, horietarik 2.000 ingururi Natura 2.000 kalifikazioa eman dakieke, Hegaztiak eta Habitatak Babesteko Araudien barruan leudeke, beraz. Alabaina, 2.500 horietarik erdiak baino ez daude, gaur egun, kalifikazio horretan sartuta.
“Leku-base” hori lantzen ari diren bitartean, ordea, arazoa larriagotzen ari da unetik unera. Datozen 25 urteotan Europako 24 hegazti-espezie behin-betirako desagertuko dira tartean konponbiderik jartzen ez bada; beste horrenbeste espezie dago epe ertainean desagertzeko zorian. BirdLife erakundeak horri buruzko txosten teknikoa aurkeztu zuen Europako Batzordean iaz; bertan zehatz-mehatz zehazten ziren arrisku larrian dauden espezieak babesteko hartu beharreko neurriak, bai Batzordeak berak susta ditzakeenak eta baita, jakina, tokian tokiko erakundeen esku leudekenak. Ikusteke dago oraindik zertan gauzatuko diren proposamen horiek. Nazioarteko lankidetza sistemak egituratuko balira, itxaropen-izpirik balegoke behintzat.
195 hegazti-espezieren etorkizuna benetan larria da Europan. Ez dira guztiak bat-batean desagertuko, baina alez ale galduko da biodibertsitatearen altxorra. Ingurugiro-politika guztiek onartzen duten hastapenetako bat zalantzan jartzen da kasu honetan; dakigunez, ingurugiro-arazoak sortu diren lekuan bertan konpontzen ahalegindu beharra dago eta horrelaxe jokatzen da kasu gehienetan (hondakinen tratamendua eta berrerabilpena da esandakoaren paradigma). Europako hegazti-espezien egoerak, ordea, planteamendu globalagoa eskatzen du; espezieren bat Frantzian arriskuan badago, bere egoera ez da erosoagoa izango Alemanian. Habitaten desagerpena eta hirien hedapena ez dira herrialde bakar batean gertatzen diren arazoak; hala balitz, gaitz erdi!
Nekazaritza-ereduek zeresan handia dute horretan guztian eta nabarmena da, gainera, faktore horrek Europako hegazti-espezie askorengan duen eragin kaltegarria. Europan arriskuan dauden hegazti-espezien % 40k irauterik izango luke nekazaritza-egitasmoetan egoera hori aintzat hartuko balute. Eta hori sustatzearren, BirdLife erakundeak aurki argitaratuko du Europako habitat nagusiak babesteko estrategia-txostena. Hurrengo urratsak egiteko oinarria izatea du helburu aipatu txostenak; paper bustian ez geratzeko, beraz, proposamenak errealitate bihurtzea funtsezkoa da. Borondate politikoa ezezik, herritarren parte hartzea ere behar-beharrezkoa izango da txostenarekin batera plazaratuko diren gomendioek aurrera egin dezaten. BirdLifek mahai gainera ekarriko du askoren gogoan aspaldidanik dabilen kezka: kontserbaziorako urratsak egiten ez badira, izango ote da etorkizun hurbilean zer kontserbatzerik?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia