AZTIk jakinarazi duenez, Europako Batasunaren finantzaketarekin egindako ikerketa berritzaile batek agerian utzi ditu itsasoen babesean dauden gabezia estrukturalak, eta premiazko jarduera eskatu du ekosistemetan kalte atzeraezinak saihesteko.
Hain zuzen, Europako GES4SEAS proiektuaren baitan kokatzen da ikerketa hori, eta AZTI zentro teknologikoak koordinatzen du. Azaldu duenez, hamar urte baino gehiago igaro dira Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentaraua indarrean sartu zenetik. Hala, orduan ezarritako helburuen betetze-maila ebaluatzea izan da ikerketaren xedea.
Horretarako, zuzentarauak definitzen dituen 11 deskribatzaileak aztertu dituzte, hala nola biodibertsitatea, arrantza, zaborra, urpeko zarata, eutrofizazioa, kate trofikoak, itsas hondoa… Emaitzek erakusten dute giza presioek —bereziki, gehiegizko arrantzak, kutsadurak, espezie inbaditzaileek eta klima-aldaketak— modu metatuan jarduten jarraitzen dutela, eta ematen zaien erantzuna ez dagoela ondo koordinatuta eta ez dela eraginkorra.
Zenbait eskualdetan, esaterako, Baltikoan eta Ipar Itsasoan, emaitzak hobeak dira. Izan ere, leku horietan jarraipen eta gobernantza handiagoak dituzte, hitzarmenei esker: HELCOM Baltikoko Itsasoa Babesteko Helsinki Hitzarmena eta OSPAR Ipar-ekialdeko Atlantikoa Babesteko Oslo-Parisko Hitzarmena. Aitzitik, beste eremu batzuetan, bereziki Mediterraneo ekialdean, datu-hutsune handiak daude, eta horrek asko mugatzen du neurriak hartzeko gaitasuna.
AZTIk gogorarazi du, 2008an indarrean sartu zenetik, Zuzentarauak estatu kideei eskatzen diela sei urtetik behin ebaluatzea euren itsas uraren egoera, eta planak diseinatzea Ingurumen Egoera Ona lortzeko edo mantentzeko. Orain, azterketak erakutsi du, eskualde batzuetan aurrerapenak egon diren arren, datuen kalitatean eta neurriak ezartzeko moduan alde nabarmenak daudela herrialdeen eta itsas arroen artean.
Angel Borja Yerro AZTIko ikertzaile eta GES4SEAS proiektuaren koordinatzailearen esanean, “azterketak baieztatzen du komunitate zientifikoak urteetan ohartarazi duena: Europako Batasunak itsas gobernantza indartu behar du, ebidentzia zientifikoan gehiago oinarritu, eta modu koordinatuan eta premiaz jardun, bere itsasoak babestu nahi baditu”.
Horrenbestez, ikerketa-taldeak eskatu die Europako Batasuneko eta estatuetako erakundeei ingurumen-zaintza indartzeko, datuen kalitatea eta estaldura hobetzeko eta politika koherenteak ezartzeko, ebidentzia zientifikoan oinarrituta. Izan ere, itsas biodibertsitatearen kontserbazioa funtsezkoa da, ez bakarrik oreka ekologikoarentzat, baizik eta gizarteari ozeanoek eskaintzen dizkioten zerbitzuak bermatzeko: arrantza jasangarria, klima arautzea, itsas ekonomia eta kostaldeko ekosistemen osasuna.
Elhuyar Zientzia