Euriaren portaera azaltzeko, nahikoa tanta bat

Sakatu irudian bideoa ikusteko

Euri-zaparradetan ur-tantek duten banaketa ezagutzeko, ur-tanta bakar baten erorketa behatu dute Frantziako Aix-Marseille Unibertsitatean fluidoen dinamika aztertzen diharduten bi zientzialarik. Hain zuzen, ikusi dute ezaugarri bertsuak dituztela tanta bakar batetik ateratzen diren eta zaparradetan ikus daitezkeen euri-tantatxoek.

Txorrota batetik tantak banaka erortzen utzi, eta erorketa grabatu dute, ur-tantei zer gertatzen zaien ikusteko. Abiadura handiagoa hartu ahala, tantaren forma aldatu egiten dela ikusi dute: lehenik, krepeen itxura hartzen du, hau da, zapal-zapal jartzen da; ondoren lapiko baten itxura izaten du, ipurdia goian duela; eta, azkenik, lehertu bezala egiten da, eta hainbat tantatxotan banatu.

Abiadura hartu ahala aireak gero eta erresistentzia handiagoa eragiten dielako gertatzen zaie hori tantei. Une jakin batetik aurrera, airearen erresistentzia ur-tanta lodien barruko kohesio-indarra baino handiagoa da, eta tanta lodiak hautsi egiten dira.

Euri-urari ere antzeko zerbait gertatzen zaio hodeietatik behera erortzen denean. Tantak hautsi egiten dira, eta tanta lodi horietatik ateratako tantatxoak iristen dira guregana.

Irudia: Emmanuel Villermaux

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali