Euri-tanta handiak, tornado-arriskua
2009/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euri-tanten edota kazkabar-aleen tamainaren arabera, hodeiek trumoi-tximistez gertatzen den ekaitza edo tornado bat eragingo duten jakin daitekeela ikusi dute Oklahomako Unibertsitateko bi zientzialarik. Horretarako, ordenagailu bidez, bereizmen handiko zenbait simulazio egin dituzte.
Tornadoak aire-masa bero eta hezeak aire-masa hotzarekin elkartzean sortzen diren haize-zurrunbilo bortitzak dira. Oklahomako meteorologoen arabera, tornadoak eragiten dituzten hodei-motak ur-tanten tamainarekiko oso sentikorrak dira. Ur-tantak handi samarrak badira, aire-masak itxura ziklonikoa hartzen du berehala. Tanta horiek lurrerako bidean ez dira hain erraz lurruntzen, eta airea ez da hain erraz hozten. Aitzitik, ur-tanta txikiek lurruntzeko joera dute, eta, beroa xurgatzean, inguruko airea gehiago hozten dute. Hortaz, tornadoak sortzeko arriskua txikiagotu egiten da.
Aurkikuntzak ekaitz bortitzak hobeto ulertzen lagunduko du. Dena den, zientzialariek lan handia egin behar dute oraindik ere tornadoak kontrolatzeko edo aurreikusteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia