Euli klonikoak
2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehenengo aldiz euliak klonatu dituzte. Aurretik beste saiakera batzuk egin badira ere, azkenean ikertzaile kanadar batzuek lortu dute ozpin-euliak klonatzea. Haien esanean, euliekin esperimentatzea ugaztunekin ikertzea baino errazagoa eta merkeagoa da, eta eulien klonazio-prozesua ulertzeak ugaztunetan dauden arazoak gainditzen lagunduko du.
Arazo handienak txertatzen den DNA birprogramatzean sortzen dira. Birprogramatzea beharrezkoa da sortzen den enbrioia ondo gara dadin, baina oso prozesu konplexua da eta akats dezente izaten dira. Horregatik, jakin nahi dute zein genek duten garrantzia birprogramatzeko prozesuan, eta hori erraz ikertzen da eulien klonazioan. Emandako aurrerapausoak gero ugaztunetan baliagarriak izango direla uste dute.
Alabaina, ozpin-euliak klonatzeko erabili duten teknika ez da ugaztunetan erabiltzen den bera. Izan ere, zelula helduen DNAtik abiatu beharrean, enbrioien DNA txertatu dute ernaldutako ozpin-eulien obuluetan. Gainera, arrakasta lortu aurretik, beste 800 saio egin zituzten. Hori gutxi balitz, hainbat ikertzailek zalantza egiten dute ozpin-eulietan emandako pausoak ugaztunetan baliagarriak izango direnik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia