}

Etxekotutako zaldien historia

2001/01/19 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Zaldiak batera eta bestera garraiatu dituzte gizakiak milaka urtez, baina ikerketa arkeologiko ugari eginda ere, oraindik ez dago erabat argi noiz eta non etxekotu ziren animalia horiek. Ikertzaile batzuek duela 5.000 urte Eurasiako belazeetan gertatu zela uste dute, eta behin bakarrik gertatu zela. Ikerketa genetikoek, ordea, etxekotzea behin baino gehiagotan gertatu zela erakutsi dute.

Suediako Upsala Unibertsitatean ikertu dituzte egungo zaldien eta fosilen ADNak. Ingalaterrako eta Suediako espeziak, eta bikingoek Islandiara eramandakoen ondorengoak ere bai. Bestalde, Mongoliako Przewalski zaldiaren laginak aztertu dituzte, ustez garai bateko zaldi basatien familiakoak direnak. Horien guztien ADNa Alaskako izotzetan 12.000 urtez gorde den zaldi baten hezurretako ADNarekin konparatu dute, baita Suedia eta Estonian aurkitutako beste fosiletakoarekin ere.

Behi, ardi eta txerriekin antzeko ikerketak egin dira lehenago eta animalia horiek dibertsitate genetiko oso txikia dutela ikusi da. Horrek, toki gutxi batzuetan etxekotu ziren animalia-talde txikietatik datozela esan nahi omen du. Zaldiek, ordea, dibertsitate genetiko handia erakutsi dute, ia-ia barietate bat lagin bakoitzeko. Horregatik, munduko lau bazterretan zaldi-barietate lokalak modu independentean etxekotu zirela uste dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia