}

Etxeko ordenagailuak, zientzia-ikerketen zerbitzura

2010/07/25 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bazenekien etxeko ordenagailua zientziaren zerbitzura jartzeko aukera duzula? Bada, nahi duen orok, internetera konektatze hutsarekin, minbiziaren aurkako botikak bilatu, energia-iturri berriak aztertu edo etorkizuneko disko gogorren oinarriak ezartzen lagundu dezake. Nola? PCen kalkulu-gaitasuna “maileguan” utzita, ikerketa-prozesuak arintze aldera.
Borondatezko konputaziorako plataforma gisa aurkeztu da egitasmoa. Herritarrek, jarduerarik gabeko uneetan, ikertzaileen eskura utz dezakete etxeko PCen kalkulu-gaitasuna, haien ikerketa-proiektuak arintzeko.
Masahiko OHKUBO

Jakina da esparru zientifiko eta teknologikoan etengabe ari direla aurrera egiten; aurrerapenak gero eta gehiago, eta gero eta konplexuagoak dira, gainera. Baina, maiz, adituak ez direnei erabat arrotz eta ulergaitzak zaizkie gai horiek guztiak, eta, horrenbestez, herritarren, zientziaren eta ezagutzaren arteko distantzia areagotzen joan ohi da.

Horri aurre egin nahian, eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, Espainiako Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiak (CSIC) Ibercivis izeneko proiektu berritzaile bat abiatu zuen 2008an. Harrezkero, 18.000 erabiltzaile konektatzea lortu du, eta horietako bi milak eguneroko ekarpena egiten diote. “Espainia, Portugal eta Hego Amerikako ikertzaileak ari dira bertan parte hartzen. Ibercivis etengabe ari da hazten, eta harro gaude. Konputaziorako baliabide berri bat ez ezik, sare sozial izatera ere iritsi da jadanik”, diote proiektua sustatu duten Aragoiko zientzialariek.

Hain juxtu, azken hilotan Ibercivis bera aztergai dute adituek, sare sozial gisa milaka herritarrek zientziarekin irabazi asmorik gabe nola kolaboratzen duten gertutik behatu nahi baitute.

Besteak beste, etorkizunerako energia-iturri berriak aurkitzeko xedea duen ikerketa-prozesu batekin abiatu zuen Ibercivisek bere ibilbidea. (Argazkia: Ibercivis ) .

Etxeko lanak banatzen

Zientzia-ikerketetarako oinarrizko tresnak dira ordenagailuak. Eta laborategian baliatzen direnak edozein etxetan aurki daitezkeen PCen antzekoak dira. Kontua da segundoro mila milioika operazio egiteko gai diren gailu horiek maiz eguneko une batzuetan soilik erabiltzen direla, eta haien potentzialei ez zaie ahal besteko probetxurik ateratzen.

Egun garatzen ari diren proiektu zientifikoek kalkulu-potentzia handia eskatzen dutela ikusita, hori bera etxeko ordenagailuetatik ere lor zitekeela ikusi zuten ikertzaileek. Eta erronka horrekin jaio zen Ibercivis.

Molekulek nola erreakzionatzen duten ikusteko, adibidez, milioika entsegu birtual egin behar izaten dira, eta horretarako potentzia handiko “super-ordenagailu” garesti bat beharko litzateke. Bada, kalkulu oro gailu bakar batean egin ordez, proiektua zati txikietan banatu, eta egin beharreko lanak herritarren ordenagailuetara bideratu daitezke orain, programa informatiko baten bitartez.

Funtzionamendua ez da konplexua. Parte hartu nahi duenak Ibercivis -en web-orrian izena eman, programa bat deskargatu, eta interesatzen zaion ikerketa hauta dezake. Fusioa, materialak, proteinak, neurozientziak, osasuna edo fisika kuantikoari dagozkion bederatzi aplikazio zientifiko ditu aukeran.

Zenbait gaitzi, hala nola minbiziari, aurre egiteko botiken bila dabilen ikerketarik ere ez da falta —hari dagokio irudi birtual hau—. (Argazkia: Ibercivis ) .

Hautaketa egin ostean, erabiltzailea bezeroen datu-base bateko kide izatera pasatzen da. Zaragozan eta Lisboan “bezero” horietakoren bat Internetera noiz konektatzen den eta gailua noiz ez duen erabiltzen jakiteko gai diren ordenagailuak dituzte. Eta orduan bideratzen zaio hari bere egitekoa.

Adibidez, herritarrak minbiziaren aurkako botikak bilatzeko proiektuan lan egitea erabaki badu, molekula birtual bat bidaltzen diote, bideragarria ote den ala ez ikusteko, haren gainean egin beharreko proba oro ordenagailuak egin ditzan. Prozesuak bost minutu irauten ditu, eta, datu guztiak biltzeaz arduratzen den Cacereseko zentro batera igortzen ditu emaitzak ordenagailu pertsonalak.

Etxeko ordenagailua erabiltzen ez den uneetan egiten du lan Ibercivisek; gailuen errendimenduari ez eragiteko prestatuta dago. “Horregatik diogu xede handi batentzako ekarpen txiki bat dela”, esan dute sustatzaileek.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia