}

Etxeko ordenagailuak Einsteinentzako lanean

2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

LIGO behatokiko fisikariek kaleko jendearen laguntza eskatu dute: milioi bat lagunen etxeko ordenagailuak grabitazio-uhinen jatorrien bila jarri nahi dituzte espazioaren eta denboraren deformazioa agerian jartzeko.

Grabitazio-uhinak badirela aspaldi iragarri zen —Einsteinen ekarpen ezagunenetako bat da—, baina oraindik ez dira ikusi. LIGOkoak (Laser Interferometer Gravitational Wave Observatory) 2000tik dabiltza espazioko deformazioren baten bila; horretarako, zerua arakatzen dihardute laser- eta ispilu-sistema bat erabiliz. Itxaropena dute grabitazio-uhin erregularrak igortzen dituen iturri bat aurkituko dutela.

Baina arazotxo bat dago: detektagailuek jasotzen duten datu-multzoaren % 99,99 zarata da. Horregatik, datuak aztertzeko ahalmen konputazional handia behar da, eta, hori konpontzeko, kaleko jendeari laguntzeko eskatu diote. Etxeko ordenagailuan programa bat instalatu baino ez da egin behar, eta ordenagailuak, erabiltzen ez denean, datuen analisia egiteko aprobetxatuko du.