}

Etna esna dago

2001/06/12 Elhuyar Zientzia

Historian jasotako lehen erupzioa Etna sumendiarena izan zen. Hain zuzen ere, K.a. 1500. urtean gertatutakoa idatziz jaso zuten, eta milaka urte geroago oraindik esna dago.

Siziliako ekialdeko kostan dagoen sumendi ezaguna Europako garaiena da (3.345 m). Krater nagusiaren ondoan, beste 200en bat krater txikiagoak ditu, eta horien erupzioek sortu izan dute izurik handiena historian zehar. Nonbait, laba nondik irtengo den asmatzea oso zaila da eta jendea ezustean harrapatzen zuen. Historian ezagutzen den erupzio handiena 1660koa izan zen. 830.000.000 m3 laba jaurti zituen eta inguruko herriak suntsitu zituen.

XX. mendean ere askotan izan dira erupzioak; 1983an lau hilabetez jarraian egon zen sutan. Orain berpiztu egin da, eta maiatzaren 25ean krater nagusiaren hego-ekialdean dagoen krater txiki batetik laba jaurti zuenetik, erupzio gehiago izan dira. Azkenekoa ekainaren 11n izan da. Aurreko bost egunetan 3 erupzio izan ondoren, indartsuena atzo goizekoa izan zen. Une hauetan hego-ekialdeko kraterretik kea besterik ez da irteten, baina baliteke datozen orduetan erupzio gehiago izatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia