}

Eta zuhaitzek mundua aldatu zuten

2001/06/26 Elhuyar Zientzia

Duela 380 milioi urte goroldioak eta algek estaltzen zituzten munduko kontinenteak. Ez zegoen zuhaitzik. Baina Yale Unibertsitateko Robert Berner ikertzailearen arabera, zuhaitzen eboluzioak mundua betiko aldatu zuen. Edinburgon egin den bilera batean bere teoria azaldu du, honela gutxi gorabehera:

Lehenengo zuhaitzek inoiz ez bezalako abiaduran xurgatu zituzten zoruko elikagaiak, eta higadura handitu egin zuten. Higaduraren eraginez, kaltzioa eta magnesioa askatu ziren. Poliki-poliki, atmosferako karbono dioxidoa kaltzio eta magnesio karbonato bilakatu eta ozeano-hondoetan pilatu zen. Aldi berean, fotosintesia areagotu egin zen eta atmosferako karbono dioxidoaren maila aurreko 4.200 milioi urteetan ez bezala jaitsi zen.

Bestalde, zuhaitzek lignina (zuraren osagai nagusia) kantitate handiak ekoitzi zituzten. Lignina ez da usteltzen eta horrek eragin zuen karbono organiko asko sedimentu gisa metatzea. Karbono dioxidoaren zikloa desorekatu egin zen: isurtzen zen baino karbono dioxido gehiago erauzten zen atmosferatik. Atmosferako karbono dioxidoaren maila murriztu egin zen eta fotosintesia, berriz, asko areagotu zen. Ondorioz, airea oxigenotan ikaragarri aberastu zen.

Hainbeste oxigeno zuen aireak, adibidez, tamaina handiko intsektuak agertzea posible egin zuen. Bestalde, karbono dioxidoa ikatz bihurtuta sedimentuetan harrapaturik zelarik, berotegi-efektua ahuldu egin zen eta Lurra hoztu, glaziazioak posible eginez.

380 milioi urte geroago deforestazioa ikaragarria da, eta sedimentu haietan harrapatutako karbonoa atmosferara isuri eta isuri ari gara. Karbonoaren zikloa berriz desorekatu da. Eta gizakiak mundua aldatu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia