Estrontzioan idatzitako abenturak
2001/08/10 Elhuyar Zientzia
Hezurretan metatutako estrontzioa aztertuta, izokinen joan-etorrien berri jakin daiteke.
Ozeano Atlantikoko izokinek bizitzako lehenengo bi urteak erreketan igarotzen dituzte. Gero, ostera, itsasora joaten dira eta han hainbat urte igarotzen dituzte. Abenturatxo horren ondoren, berriro ere errekara itzultzen dira, ugaltzera.
Baina izokin guztiek ez dute joan-etorri hori egitea lortzen, asko itsasoan hiltzen direlako. Horregatik, garrantzitsua da jakitea ea zein errekatako arrainak diren joan-etorria arrakastaz egiteko gai. Hartara, zein habitat babestea eta haztegiko izokinak non askatzea komeni den jakin liteke.
Hori guztia kontuan hartuta, Michigango Unibertsitateko hainbat zientzialarik izokinen joan-etorriak kontrolatzeko balio duen metodo berria asmatu dute. Brian Kennedy, Andrea Klaue eta Joel Blumek osatutako taldeak izokinen hezurretan erreka-hondoko arroka-geruzetako estrontzioa metatzen dela aurkitu dute. Estrontzio hori aztertuta, arrainak ezagutu dituen erreken berri jakin daiteke, isurialde bakoitzean estrontzio-isotopo desberdinen erlazioa oso egonkorra delako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia