}

Estandarrak ez du beti balio

2008/12/14 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Laborategiko ohiko materialaren zerrenda bat egingo bagenu, plastikozko hainbat tresna aurkituko genituzke. Barra-barra erabiltzen dituzte plastikozko zenbait tresna, merkeak, arinak eta erabilerrazak direlako, eta, ustez, inolako eraginik ez dutelako esperimentuetan. Kasu batzuetan, ordea, horrek hondatu egin dio ikertzaile bati baino gehiagori egiten ari zen esperimentua.
Plastikozko tresnek behin baino gehiagotan hondatu dizkiete esperimentuak ikertzaileei.
D. Anokhina

Hori gertatu zitzaion, adibidez, Kanadako Alberta Unibertsitateko ikertzaile bati Parkinson gaixotasunari aurrea hartzeko bide baten bila ari zela. Zehazki, aztertzen ari zen nolako eragina zuten botika jakin batzuek gaixotasun horrekin lotuta dagoen proteina baten jardueran. Bazekien esku artean zituen botikek proteina horren jarduera moteldu egiten zutela, baina, bere esperimentuan, eragina neurriz gainekoa izan zen. Beste esperimentu batzuetan baino askoz botika-kantitate txikiagoa nahikoa izan zuen proteinaren jarduera moteltzeko.

Harrituta, ikertzaileak horren atzean zer zegoen aztertzeari ekin zion. Horretan zebilela, ikusi zuen esperimentu hori bera beirazko ontzietan egiten baldin bazuen ez zuela emaitza arraro hori lortzen. Beraz, ondorioztatu zuen erabilitako plastikozko tutuak zirela aldaketa horren erantzule.

Hari horretatik tiraka jarraitu zuen, eta hainbat proba egin zituen plastikozko tutuekin. Batzuk urez bete zituen, beste batzuk alkoholez, eta ikusi zuen denbora-tarte bat igarotakoan bere proteinaren jarduera izugarri eteten zuen konposatu desinfektatzaile bat askatzen zela plastikotik. Alegia, plastikoak askatzen zuen konposatuak eta bera probatzen ari zen botikak eragin bera zutela.

Plastikozko tresnen ordezkariren bat bilatu beharko balute, beirara jo beharko lukete zientzialariek, baina beira oso hauskorra da.

Espero ez den osagai bat norberaren esperimentuan parte-hartzaile bihurtzen denean, lortzen diren emaitzek ez dute balio esperimentu horretatik ondorio baliagarririk ateratzeko. Alberta Unibertsitateko ikertzaileak ere ezin izan zituen erabili hasieran zuen helbururako esperimentu horretan ateratako emaitzak. Alferrikako lana ere ez zen izan, ordea. Ateratako ondorioekin artikulu bat idatzi, Science zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratzea lortu eta gainerako zientzialariei horretaz ohartaraztea lortu zuen. Ez da gutxi, ez!

Plastikoaren arazoak

Plastikozko tresnen ordezkariren bat bilatu beharko balute, beirara jo beharko lukete zientzialariek. Hain zuzen, beirazko hamaika tresna erabiltzen dituzte laborategietan. Baina tresna guztiak ezin dira beirazkoak izan, arrazoi nagusi batengatik: oso hauskorrak dira. Hortaz, zientzialarientzat ezinbestekoa da tresnetako batzuk plastikozkoak izatea. Mundu osoan erabiltzen dituzte, ia laborategi guztietan.

Plastikozko tresnak egiteko hainbat konposatu gehitu behar izaten dizkiete fabrikatzaileek, gogortasuna, iraunkortasuna, egonkortasuna eta abar bermatzeko. Eta konposatu horietako batzuk gai dira bizidunetan nolabaiteko eragina izateko. Fabrikatzaileek ez zuten uste, ordea, konposatu horiek gai zirenik plastikotik askatzeko eta esperimentuaren parte izatera pasatzeko.

Espero ez den osagai bat parte-hartzaile bihurtzen denean, lortzen diren emaitzek ez dute balio ondorio baliagarririk ateratzeko.

Baina Albertako zientzialariak frogatu du hori gertatzen dela. Eta nola konpondu plastikozko produktuen albo-ondorio hori? Badago horretarako modu bat, antza: edozein esperimentu egin baino lehen, ongi-ongi garbitzea plastikozko tresnak, bai alkoholarekin bai ur puruarekin.

Horrek saihestu egiten du plastikoaren osagaiak geroko esperimentuaren parte bihurtzea. Batzuetan, ordea, esperimentua egiteko berez beharko luketen denboraren bikoitza behar dute zientzialariek prozedura hori egiteko. Inork ez zuen esan zientzialaria izatea erraza denik!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia