Esposizioa (I): esposizio-neurgailuak
1994/11/01 Nogeras, Itziar - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Aurreko atalean, esposizio egokia lortzeko pelikularen sentikortasuna eta subjektuaren argitasuna ezagutu behar direla esan genuen. Lehena aztertu genuen orduan. Bigarrenari, oraintxe bertan ekingo diogu.
Subjektuak edo gaiak duen argitasuna neurtu egin behar da, ondoren zein diafragma eta obturatze-abiadura jarri behar dugun jakin ahal izateko, beti ere, neurketak edo irakurketak pelikularen sentikortasunarekin bat etorri behar duela ahaztu gabe.
Neurgailurik zehatzenak fotometro edo esposimetroak dira. Horiez gain, fabrikatzaileek pelikularen argibideetan jartzen dituzten esposizio-taulak ere badira.
Taula horiek, ikur klimatologikoak dakartzate. Ikurretako bakoitza, argi-egoera bati dagokio (oso eguzkitsu, argitsu, hodeitsu samar, hodeitsu edota zeru estaliari) eta bakoitzak, abiadura eta sentikortasun jakin batez zein diafragma jarri behar den adierazten du, abiadura aldatuz gero diafragma proportzionalki aldatu beharko litzatekeelarik.
Argibide horiek, kanpoaldeetan gai konbentzionalen argazkiak ateratzeko izan ohi dira. Egoera bereziagoetan (argi-uniformetasun txikiko kasuetan, barnealdeetan argi artifizialez lan egitean edo sentikortasuna aldatzen denean, adib.), ez dute behar adinako informazioa ematen eta fotometroa erabiltzea ezinbestekoa da.
Fotometroak argiarekiko sentikorra den gainazala (zelula fotoelektrikoa nahiz fotoerresistentzia) du, subjektuak isladatzen duen argia neurtu edo irakurri ahal izateko. Bi eratakoa izan daiteke fotometroa: eramangarria ala kamerarekin batera datorrena.
Fotometro eramangarria
Dagokion leihatilan erabiltzen ari garen pelikularen sentikortasuna jartzen zaio fotometroari. Gainazal sentikorra subjekturantz zuzentzen da eta orratza askatzekoa sakatuz, hark isladatzen duen argi-intentsitatea irakurketa-eskalan azaltzen zaigu. Irakurketa, kalkuladorean jarri eta irekiduren eraztunaren erreferentzia harekin bat etorri arte jiratu behar da. Horrela, esposizio egokia lortzeko behar diren diafragmen eta abiaduren arteko konbinazioak azalduko zaizkigu.
Fotometroaren gainazal sentikorra, argiaren bitartez elektrizitatea sortzen duen (eta, hortaz, pilarik behar ez duen) seleniozko zelulaz zein sentikorragoa den (baina, pilak behar dituen) kadmio sulfurozko fotoerresistentziaz (CdS-az) osatuta egon daiteke.
Lehen motatakoetan, argi indartsua egonez gero mozorroa erantsi behar zaio zelula fotoelektrikoari.
Kamerari erantsitako fotometroa
Gaur egungo kamera gehienek beren barnean fotometroa daramate. Berau, gainazal sentikorra kamera barnean zein kanpoan daramana izan daiteke. Gainazal sentikorra, lehen aipatutako bi motetakoa izan daiteke, gainera: seleniozkoa nahiz kadmio sulfurozkoa (baita modernoagoa den siliziozkoa ere). Bigarrena da, dena dela, erabiliena.
Gainazal sentikorra kameran kanpoan dagoenean, ez du objektiboa zeharkatzen duen argia neurtzen; zuzenean subjektutik doakiona baizik. Horrek, aurreraxeago ikusiko dugunez, kameran barnean joanda saihets daitezkeen akatsak sor litzake. SLR kamerek, eskuarki, CdS erako eta TTL sistemako neurgailua darabilte.
TTL, ingelesezko “through the lens”en siglak dira. Gainazal sentikorra kameraren barnean egonik, “objektiboan zehar” iragaten den argi-intentsitatea irakurtzen duela esan nahi du. Horrela, diafragma- zein abiadura-aldaketak eginez gero, objektiboa aldatuz gero zein filtroak jarriz gero, arazorik ez da egongo; fotometroak guztia kontutan hartuko baitu.
Fotometro hauek, gainera, kameraren abiadura- eta irekidura-aginteetara akoplatuta daude eta, zenbaitetan, automatikoak izaten dira. Irakurketaren informazioa bisorearen bitartez ikus daitekeen enfokatzeko pantailan azaldu ohi da; orratzez nahiz argi adierazlez, azaldu ere.
Neurgailu horiek esposizioa ondoko era hauetan kontrola dezakete: erabat automatikoki, lehentasuna irekidurari emanez, lehentasuna abiadurari emanez zein eskuz.
Esposizioaren kontrola erabat automatikoa denean, sistemak berak irekidura eta abiadura zehazten ditu, aldez aurretiko programa baten arabera (maiz bisorean inolako oharrik erakutsi gabe). Erabilterraza da; oso erosoa bapateko argazkietarako edo hasiberrientzat; baina, ez du jokatzeko aukerarik ematen; programaturiko baldintzak ezin baitira aldatu.
Hurrengo bi aukerak erdiautomatikoak dira eta bisorean azaldu ohi da informazioa. Lehenak, irekidurari lehentasuna ematen dio. Horrek, argazkilariak diafragma hautatu eta kamerak automatikoki abiadura egokia hautatzen duela esan nahi du. Sistema hau eremu-sakonera kontrolatzea garrantzitsua deneko argazkietan (paisaje, natura hil edo hurbilpenezko argazkietan, adib.) erabiltzeko egokia da. Abiadurari lehentasuna ematen zaionean, argazkilariak abiadura hautatu eta kamerak automatikoki diafragma egokia erabakitzen du. Higidurazko argazkietarako sistema egokia da.
Eskuarki, bi lehentasun horiek aukeran izaten dituzte eskuzko kontrola ere izaten duten kamerek.
Eskuzko kontrolaren bidez, hitzak berak dioenez, guztia argazkilariaren esku dago. Irekidura zein abiadura berak hautatuko ditu, fotometroak argi-espozizioa egokia dela adierazi arte. Sistemarik motelena da, baina pila gutxien gastatzen duena eta sormenari bide zabalena uzten diona.
Seguruenik, lerro gutxitan azalpen tekniko eta teoriko ugari pilatu direla irudituko zaizu, irakurle. Hurrengoan, esposizioaren irakurketa askoz era praktikoagoaz azalduko dugu eta lerro hauek guztiak asko arinduko zaizkizula zalantzarik ez izan. Hala bis.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia