}

Espermatozoideak, hastapenetan laborategian

2009/09/06 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Orain dela aste batzuk komunikabide askotan zabaldu zen Britainia Handiko zientzialari batzuek lortu zutela laborategian giza espermatozoideak sortzea enbrioietako zelula ametatik abiatuta. Egia esan, sortutako zelulak ez ziren bene-benetako espermatozoideak, haien ezaugarri jakin batzuk zituzten zelulak baizik.
Espermatozoideen ezaugarri bereizgarriak zituzten zelulak sortu dituzte laborategian Newcastle Unibertsitateko ikertzaile batzuek (Argazkia: © Science )

Abiapuntua enbrioietako zelula amak izan ziren: enbrioiak zelula-multzo batzuk besterik ez dira hasieran, inolako funtzio edo ezaugarri berezirik ez duten zelulak. Haurdunaldiak aurrera egin ahala, zelulak desberdintzen joaten dira, eta egokitu zaien gorputz-zatian izango duten funtzioa betetzeko beharrezko ezaugarriak hartzen dituzte: batzuek bihotza eratzen dute, beste batzuek hezurrak, garuna, hesteak, gibela... eta ugalketa-zelulak.

Hortaz, berez, enbrioien zelula-multzo bat izanez gero, gorputzaren edozein zati sor daiteke haietatik; egin behar den bakarra da hazteko kondizio egokietan jarri. Horixe egin zuten Newcastle Unibertsitateko ikertzaileek: espermatozoide bilakatzera bultzatzen dituen medioan jarri zituzten zelulak. Eta emaitza izan zen enbrioi-zeluletatik zelula isatsdun mugikor batzuk atera zirela. Espermatozoideak bezalakoak, alegia.

Enbrioien zelula-multzo bat izanez gero, gorputzaren edozein zati sor daiteke haietatik berez (Argazkia: M. William Lensch; Harvard Medical School)

DNA ere, behar bezainbeste

Espermatozoideek, baina, mugitzeko gaitasunaz gainera, beste ezaugarri bat izan behar dute, halabeharrez, beren funtzioa, ugaltzea, behar bezala betetzeko: gorputzeko gainerako zelulek izan ohi duten DNA-kantitatearen erdia izatea. Gutako bakoitzak zeluletan dugun DNAren erdia amak ematen digu, eta beste erdia aitak. Bada, horretarako, obuluek eta espermatozoideek erdira jaitsi behar dute DNA-kantitatea.

Hori gertatzeko, meiosi deritzon prozesuak gertatu behar du: espermatozoide edo obulu izango diren zelulak bitan banatzen dira, eta bakoitzera jatorrizko zelulak zuen DNAren erdia joaten da. Gure gorputzean berez gertatzen da meiosia; baina laborategian prozesu hori eragitea bereziki zaila izaten da. Newcastleko ikertzaileek hazitako zelulen % 3k zuten, gutxi gorabehera, zegokien DNA-kantitatea.

Espermatozoideak sortzeko ezinbestekoa da gizonezkoek duten Y kromosoman dagoen informazioa.

Egia esan, DNA-kantitate egokia izatea baino eskakizun gehiago behar dira bene-benetako espermatozoide izateko; besteak beste, DNArekin batera doazen proteinek eta gainerako konposatuek behar duten kantitateetan eta behar duten lekuetan egon behar dute, nahitaez. Bestela, espermatozoide horiek obuluren batekin elkartzean sortuko litzatekeen gizakiak hainbat anomalia izango lituzke.

Ikertzaileek ezin izan dute jakin laborategian sortutako espermatozoideek ezaugarri horiek dituzten edo ez, eta argi adierazi dute jakitun direla ez dituztela espermatozoide normalak sortu. Hala ere, pozik agertu dira ikusi dutelako posible, behintzat, badela enbrioietako zelula ametatik abiatuta espermatozoideak sortzea.

Espermatozoideak, gizon-kontuak

Egindako esperimentuan, gainera, berretsi ahal izan dute espermatozoideak sortzea gizonen, edo arren, kontua dela. Edo, beste modu batera esanda, emakumezkoen, edo emeen, zelulek ezin dutela espermatozoiderik sortu.

Ikertzaileek bi motatako enbrioiekin egin zuten esperimentua, mutilak emango zituzten enbrioiekin eta neskak emango zituztenekin. Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna kromosoma jakin batek zehazten du, Y deritzon kromosomak: gizonek badute eta emakumeek ez. Horren ordez, emakumeek beste kromosoma bat, X, errepikatuta dute.

Bada, Y kromosomarik ez zuten zelulak ez ziren iritsi espermatozoide bihurtzera. Beraz, zientzialariek frogatutzat jo dute Y kromosoman dauden geneak ezinbestekoak dituztela espermatozoide izatera bideratuta dauden zelulek.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia