Espermatozoideak eta plastifikatzaileak
1996/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egungo bizimoduarekin edota elikadurarekin erlazionatu izan da gertakari hori, baina gaur-gaurkoz ez dago erabateko baieztapenik. Gizonek gero eta espermatozoide gutxiago ekoizten dutela ikusi da eta horren egiazko zergatia zein den argitzen ez den bitartean, hipotesiak baino ez dira plazaratuko. Kezka maila askotara zabaldu bada ere, ikerlarien artean berebiziko jakinmina piztu du gaiak.
Hipotesi horietako batek zenbait produktu kimikoren eraginez espermatozoideen produkzioa inhibitu egiten dela dio eta horren froga gisa, arratoiekin egindako saioak eman dituzte argitara zenbait aldizkari espezializatutan.
Edimburg-eko Unibertsitatean egin dituzte saio horiek eta Ugalketaren Biologia Departamentuko lan-taldeak ondorioztatu duenez, ftalato izeneko substantziekiko esposizio jarraiak espermatozoideak gutxiagotzea eragiten du, eguneko produkzioa %10 eta %21 bitartean murriztuz. Horrez gain, efektu beraren eraginez, plastifikatzaileez kutsaturiko arratoien testikuluak ale osasuntsuenak baino txikiagoak direla ikusi dute.
Gizakiok gero eta gehiago erabiltzen ditugu substantzia kimiko horiek eguneroko bizitzan eta Edinburg-eko ikerlariek diotenez, horixe izan daiteke azken boladan hain nabarmenki azaldu den espermatozoide-galeraren eragiletako bat..
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia