Espermatozoide-itxurako zelulak zelula ametatik
2009/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hazteko kondizio egokietan jarrita, Newcastle Unibertsitateko ikertzaile-talde batek lortu du giza enbrioietako zelula ama batzuk espermatozoide bihurtzea; edo, zehatzago esanda, espermatozoideen hainbat ezaugarri dituzten zelula bihurtzea. Besteak beste, egindako esperimentuan sortutako zelula batzuek isatsa garatu dute, eta mugitzeko gai dira.
Bestalde, ikusi dute hazitako zelulen % 3k, gutxi gorabehera, espermatozoideek izan ohi duten DNA-kantitatea dutela, alegia, gorputzaren gainerako zelulek dutenaren erdia. Hala ere, ikertzaileek ez dute argitu sortutako zeluletako DNAn gizakion ugalketa-zelulek izaten dituzten 23 kromosomak dauden.
Gainera, oraindik ezin izan dute jakin zelulotan behar bezala gertatu diren ugalketa-zelulak sortzeko prozesuan DNAk jasaten dituen demetilazioak eta birmetilazioak. DNAren zati batzuk metilatuta egoteak edo ez egoteak geneen espresioan eragiten du; hortaz, espermatozoide bilakatzeko prozesuan zelulak ez balira behar bezala metilatuko, horietatik sortutako espermatozoideek ez lituzkete ondorengo bideragarriak emango.
Ikertzaileek badakite ez dituztela espermatozoide normalak sortu, baina pozik agertu dira ikusi dutelako posible, behintzat, badela, enbrioietako zelula ametatik espermatozoideak sortzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia