}

Espaziotik etor daitezkeenak

1999/03/21 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Literaturaren eta zinemaren eraginez, hor kanpoan -espazio ilunean- egon daitezkeen arriskuez pentsatzean, jende gehienak estralurtarrak eta objektu hegalari ezezagunak izaten ditu gogoan. Giza irudimenak sortu dituen balizko arrisku horiek alde batera, espaziotik etor daitekeen benetako arriskua Lurraren orbita gurutzatzen duten milaka asteroideek eta kometek osatzen dute.

1997ko abenduaren 9an meteorito batek Groenlandia jo zuen, 10 segundoko iraupena izan zuen lurrikara eraginez. Nahiz eta meteoritoak 4.000 tona izan, ez zen ezer gertatu. Hori ez da jar daitekeen adibide bakarra. Esate baterako, 1908ko ekainaren 30ean Siberian meteoritoa erori zen, 2.150 kilometro karratu suntsituz. Eztanda milaka kilometrotara ere nabaritu zen. Aipatutako azken hori izan da mende honetan espaziotik iritsi den suntsitze handiena, baina historia antzeko gertakariez beteta dago.

Gaur egun 10.000 asteroide eta ehundaka kometa zehaztasunez ezagutzen dira; hala ere, ezagutzen ez direnak gehiago direla uste da. Asteroideak arrokak dira. Ezagutzen den handiena Ceres da, 1.000 kilometroko diametroarekin. Teleskopiotik begiratuta izarren antzeko itxura dute, puntu txiki argitsuak bezala ikusten baitira. Arrokak direnez, asteroideek ez dute argi gehiegi islatzen eta, horregatik, aurkitzeko zailak dira. Kometak, berriz, ez dira masa solidoak, gehienbat eguzkira hurbildu ahala lurrunduz joaten den ura dira. Eguzki-sistema kometez inguratuta dago eta orain gutxira arte, -oso gertu ez bazeuden behintzat- ezin ziren detektatu. Hala ere, kometak gehienbat ura izanda ere, balizko tupusteko ikaragarria izango litzateke.

Historian zehar, meteoritoek behin baino gehiagotan tupust egin dute Lurrarekin eta eguzki-sistemako gainerako planetekin eta sateliteekin. Lurraren satelitea -Ilargia- adibide garbia da. Ilargiak 3.000 kilometroko azalera du. Teleskopio txiki bat erabiliz ikus daiteke Ilargiko zorua kraterrez josita dagoela. Ilargian ez dago ez atmosferarik eta ezta plaken tektonikarik ere, ondorioz higadurarik ere ez dago; meteoritoen tupustekoen ondorioz sortutako kraterrak hain garbi horregatik ikusten dira. Lurrean, aldiz, higadurak ezkutatu ditu meteoritoen tupustekoen arrasto gehienak. Salbuespenak badira, Arizonan dagoen hiru kilometroko kraterra adierazgarriena.

Ikerkuntza-ahaleginak

Balizko arriskuaz ohartuta, hamarkada honen hasieratik NASAn bertan gai honen inguruan lanean ari diren bi talde badira: batek Lurraren orbitan sar daitezkeen asteroideen eta kometen detekzioa eta katalogazioa du helburu; besteak, berriz, meteoritoen norabidea aldarazteko teknologiaren garapena. Dena den, aipatu bi lan-taldek Estatu Batuetako Kongresoaren bedeinkapenik jaso ez dutenez, aurrekontu txikiko proiektuekin ari dira lanean. Laborategi eta behategi pribatuetan ere asteroideen eta kometen segimendua egiteko programak badira; eta askoz maila apalagoan, astronomo zaletuek ere badute antzeko proiekturik. Gainera, emaitzak lortzen dituzte. Esate baterako, Mallorcako astronomo?talde batek 1997an lau asteroide berri aurkitu zituen.

Gobernuen aldetik interes berezirik somatzen ez bada ere, zientzialariak eta espazio-agentziak kometak eta asteroideak gehiago ezagutu nahian ari dira. Kometa baten gertu-gertuko lehen argazkiak 1986an lortu ziren, Giotto zundak Halley kometako nukleoaren irudiak atera baitzituen. Urte batzuetara, 1993an, Galileo zundak Gaspra eta Ida asteroideen lehen irudiak bidali zituen. Asteroide batera hurbiltzeko azken saioa pasa den abenduan egin zen, Near zunda Eros asteroidearen orbitan sartzeko ahalegina egin baitzen. Arazo teknikoak medio, zundak huts egin zuen eta ez zuen Eros asteroidearen orbitan sartzerik lortu. Dena den asteroidetik oso hurbil pasa zenez -4.100 kilometrora- datu batzuk bildu eta 1.100 argazki atera ziren. NASAko teknikarien ustez, abuztutik 2000 urteko apirilera bitartean NEAR zundak berriro izango du asteroidearen orbitan sartzeko aukera. Orduan lortuko balu, lehenengoz modu sakon samarrean ikertu ahal izango litzateke asteroide bat. NASAk bezala, Europako Espazio Agentziak (ESA) ere ondorengo urteetan kometa baterako bidaia egin nahi du. Horretarako Wirtanen kometa aukeratu du. Ariane espazio-ontziaz baliatuz 2003an Rosetta zunda Wirtanen kometa ikertzera bidaliko du, laginak jaso eta ikerketarako Lurrera bidal ditzan.

Defentsarako aukerarik bai?

Pentsa daitekeenez zientzialarien asteroideekiko eta kometekiko interesa ez da hutsetik sortutakoa. Izan ere, adituek egin dituzten simulazioen arabera, kilometroko diametroko asteroideren batek Lurra joko balu ondorioak eztanda nuklearrenak baino askoz ere larriagoak izango omen lirateke.

Defentsarako aukerarik ba al dago? Teknologia aldetik begiratuta baietz dirudi; denboraz harrapatuz gero, espaziotik etor daitezkeen harritzarren norabidea desbideratzeko Lurrean ba omen dago behar beste baliabide. Arazoa denbora bera da; alegia, etor daitezkeenak badatozela denboraz jakitea. Lurrera zenbat eta gehiago hurbiltzen diren, kometen eta asteroideen norabidea aldarazteko energia handiagoa erabili beharko litzateke, beraz arrakasta izateko aukerak murritzagoak izango lirateke. Orain arte irakurritakoaren arabera irakurleak bestelakorik atera zezakeen arren, zientzialariek hauxe aitortzen dute: harritzar horiek Lurra jotzeko aukerak txikiak dira.

Aipamenak:

Historian zehar, meteoritoek behin baino gehiagotan tupust egin dute Lurrarekin eta eguzki-sistemako gainerako planetekin eta sateliteekin. Lurraren satelitea -Ilargia- adibide garbia da.

Ariane espazio-ontziaz baliatuz 2003an Rosetta zunda Wirtanen kometa ikertzera bidaliko du Europako Espazio Agentziak, laginak jaso eta ikerketarako Lurrera bidal ditzan.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia