}

Espazioko itsasargia

2000/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hubble espazio-teleskopioak 50 argi-urtera dagoen galaxia baten irudi ikusgarria hartu du, M87 edo NGC 4486 deritzon galaxiarena, hain zuzen.Galaxiak itsasargia bailitzan dir-dir egiten duen argi-izpi urdin bitxia igortzen du eta, dirudienez, argiaren jatorria galaxiaren erdialdeko zulo beltz ikaragarrian legoke.

Baina, nahiz eta Hubble-k eginikoa orain arteko irudirik onena izan, argi-izpia astronomoen aspaldiko ezaguna da. 1918an H.D. Curtis-ek behatu zuen lehenengoz, baina orduan ez zuen azalpenik ematen asmatu. Hamarkada batzuk geroago irrati-teleskopioek jatorri beretik zetozen irrati-uhin indartsuak detektatu zituzten. Hala ere, fenomenoa ez zen erabat ulertu. Hubble-ren argazkiak bide horretan aurrera egiten lagundu die orain astronomoei. M87 galaxiaren bihotzean zulo beltz ikaragarria dago: haren masa Eguzkiarena baino bi mila milioi aldiz handiagoa da.

Bestalde, zuloaren inguruan hilzorian dauden izar, hauts kosmiko eta gasezko hodei ugari dago (normalean baino gehiago). Zulo beltzak hori guztia mugiarazi eta plasma bihurtzen du; azkenean, eremu magnetiko bizia igortzen duen materia berozko zurrunbilo erraldoia sortzen da. Bai argia eta bai irrati-uhinak ere aipatu zurrunbilotik datoz; izpi urdina (eta irrati-uhinak), hain zuzen, eremu magnetikoaren lerroen inguruan biraka dabiltzan elektroiek sortzen dute: fenomenoari sinkrotroien erradiazioa deritzo.

Baina M87ak igorritako izpia gugandik hurbilen eta ikertuen dagoena izan arren, urrutiago ezaugarri bereko galaxia gehiago daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia