Espazioko irrati-seinalea harrapatzeko
2001/10/05 Elhuyar Zientzia
Puerto Rico-ko haran oso batek espaziotik iristen diren irrati-seinaleak jasotzen ditu.
1963. urtean jarri zen Areciboko behategia martxan. Jatorrizko ideia William E. Gordon irakaslearena izan zen, New York estatuko Cornell unibertsitatekoa. Teleskopio-lanak egiteko haran oso bat egokitu zen. Izan ere, haran horren formaz baliatuz, antena paraboliko erraldoia eraiki zuten hiru urtean.
Helburua irrati-maiztasunak hartzea zen, eta, horretarako, nahitaezkoa zen antena geometrikoki perfektua izatea. Instalazioaren zatirik ikusgarriena 305 metroko islagailu handia da, baina ionosferan esperimentuak egiteko tresnak ere badaude behategian.
Hasierako asmoa Lurreko ionosfera ikertzea zen, baina, segituan, espazioak arreta handia lortu zuen diseinua egin zutenentzat. Adibidez, ekuatoretik gertu eraikitzea erabaki zuten, eguzki-sistemako planetak ere aztertu ahal izateko.
140 pertsonek egiten dute lan, egunean 24 orduz martxan dagoen behategi horretan. Bestalde, 200 bat zientzialarik bisitatzen dute mota askotako proiektuak garatu ahal izateko. Gaur egun, NSF eta NASAko babesa ekonomiko eta profesionalarekin ustiatzen dute behategia Cornell unibertsitateko zientzialariek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia