Espazioko biziaren sakoneko eredua
2000/04/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Harrigarria da itsasoaren sakontasunean aurki daitekeena. Duela gutxi izaki bizidun txikienen berri izan genuen. Oraingoan mugako baldintzetan bizi daitezkeen bakterioena.
Itsaspean, besteak beste, sumendiak ere badaude. Hori ez da berria, telebistan askotan ikusi ditugun erupzioak jakinak dira. Horietako erupzioetan zientzialari batzuek aurkitutakoa, ordea, ez dugu inolaz ere ohikoa. John Baross-ek eta bere taldeko mikrobiologoek erupzioan itsasoratutako likidoetan mikrobio xelebre bat aurkitu dute. Barossek Saganella izen berria proposatu du mikrobio horrentzat.
Harriak bezain gogorrak
Aurkitu den egoera aztertuta, erraza da ulertzen zertan datzan bere xelebrekeria. Oso tenperatura handietan hazteko gauza da; gutxienez 50-90º C-ko giroan, alegia. Baldintza hotzetan ere bizirik irauten du, ikertzaileek frogatu duten bezala. «Bere proteinak tenperatura horietan ez desnaturalizatzea erabat harrigarria da», dio Peter Fields-ek, Stantford Unibertsitateko biologoak. Fields Antartikako arrainen proteinetan aditua da.
Horrelako baldintzetan bizi diren mikrobioak harrapatzea oso zaila da. Batzuk ilunean bizi dira, beste batzuk oxigeno edota beste elikagairik gabe. Horrek esan nahi du baldintza gogorreko inguruetan bizi direla. Mikrobioak izanda, gainera, oraindik ere zailagoak dira harrapatzen. Baross eta bere lankideek itsas hondoa arakatu dute urpeko erupzioen bila. Une egokian eta leku egokian egon behar da, eta hori zaila da. Baina, azkenean, Pazifikoaren ipar-mendebaldeko kostaldeetatik gertu Saganella aurkitu dute.
Diotenez, ez da bakterio normala. Antzinako bakterioen antzeko talde baten ordezkaria dugu, archaea taldearena. Oso metabolismo bitxia du, orain arte Barossek ikusi dituen guztietatik ezberdina. Baina aurkikuntzak burutazio gehiago ekarri ditu. Science aldizkari espezializatuan argitaratu den bezala, Lurretik kanpoko biziaren eredua izan daiteke Saganella. Ohikotzat jotzen dugun biziak oxigenoa, argia eta metabolismo mota zehatza eskatzen ditu. Baina galdera da: zergatik izan beharko luke beti horrela? Oraingoan asmakizun teorikoa ez den adibidea topatu da, hau da, oso baldintza berezietan bizi den izakia. Lurrean oso baldintza bereziak dira, bai, baina beste planetaren batean erraz aurki daitezkeenak, agian. Eztabaida hortxe egon daiteke. Saganella-ren bizia burutazio berriak eragingo ditu, eta ikerketa interesgarriak ere bai.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia