}

Espazioan ere zaborra gainezka

2002/05/17 Elhuyar Zientzia

Aspaldi ahaztutako satelite artifizialak, orain dela hamar urte bidalitako espazio-ontzien pintura-zatiak, astronautek galdutako erremintak, Mir espazio-estazioko zabor-poltsak eta beste hainbat objektu dabiltza gure buru gainean etengabe biraka. Espazioko zaborra da, eta laster zerbait egiten ez bada, sateliteek eta etorkizuneko
espazio-espedizioek babes egokiagoa beharko dute Lurraren inguruan bueltaka dagoen guztiarekin talka ez egiteko.

Lurrazaletik 36.000 km-ra dagoen orbita geoegonkorra omen dago beteen. 1957an lehen satelitea bota zenean baino 10.000 aldiz partikula gehiago omen daude bertan. 10 cm-ko diametroa edo handiagoa duten partikulak dira arriskutsuenak, eta horietatik 9.000 etengabe radarrez kontrolatuta daude. Horietatik asko milaka edo milioika urtez biraka egongo direla uste dute adituek.

13 urteren ostean, Espazioko Zaborra Koordinatzeko Nazioarteko Agentzia osatzen duten kideek akordio bat sinatu berri dute zaborraren arazoa konpontzeko. Horien esanean, flotatzen dauden objektu guztiak batzea oso garestia litzateke, eta oraingoz egin daitekeen gauza bakarra gehiago ez sortzea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia