Espainiako eta Frantziako datuak
1999/11/01 Plazaola, Fernando Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hondakinak biltzeko abian dauden proiektuak
Espainiako zentral nuklearretan erabilitako erregai erradioaktiboen hondakinak lur gainean eraikiko diren behin-behineko biltegitan gordeko dira, Hondakin Erradioaktiboei buruzko V. Planean onartuaren arabera. Gaur egun martxan dauden 7 zentral nuklearrek dituzten igerileku-itxurako edukiontziak betetzen direnerako, lehorreko biltegi bereziak eraikiak izango dira. Horietako lehenengoa Trillo I zentralean eraikiko da, nazioarteko onespena duen teknologia propioa erabiliz.
Erregai erradioaktiboen hondakinak ENSA-DPT izeneko segurtasun-gordailuetan bilduko dira, zentralaren barrutian kokatuko diren biltegietan. Azala altzairu herdoilgaitzezko eta erradiazioaren aurka babestutako zilindroa izango da eta azpian altzairu herdoilgaitzezko bigarren zilindroa izango du. Bi geruza hauen barnean, neutroiak zurgatu eta beroa barreiatzeko gaitasuna duen polimero berezi batez eraikitako gorputzean gordeko dira hondakin-barrak. Zilindroek ere estalki bikoitza izango dute.
Frantzian ere badira Trillo I zentralean eraiki nahi denaren antzerako biltegiak. Bat 1992. urtetik dago martxan Aube-n eta ANDRA beste baterako saiakuntzak egiten ari da Mantxako zentroan. 1994. urtetik ANDRA lurpean, oso sakon, biltegiak eraikitzeko ikerketa lanetan dabil. Atariko ikerketa geologikoak burutu ondoren, lehenengo lur azpiko ikerketa-zentroa Bure-n, Haute-Marne eta Meuse departamenduen arteko mugan (Frantziako ipar-ekialdean) ezartzea erabaki zen 1998an. Laborategi horietan ikerketa geologikoak eta etorkizuneko biltegiari buruzko ikerketa teknikoak egingo dira. Laborategi horiek ikerketa-zentroak dira eta ez dira biltegi bezala erabiliko baliagarritasuna frogatu arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia