Esku kosmiko bat ikusgai

Esku baten itxura hartu du hildako izar batetik ateratako nebulosak, NASAren Chandra behatokiak argazkia atera duenean. B1509 pulsarra igortzen ari den energiak eratu du aipatutako nebulosa, guregandik 17.000 argi-urtera dagoen pulsar batek. Pulsarrak beren buruaren inguruan oso azkar mugitzen diren neutroi-izarrak dira, eta, biraka ari direla, energia asko eta asko igortzen dute. Irudian, Chandrak hauteman dituen energia-maila txikieneko zorrotadak gorriz agertzen dira, tarteko energia-maila dutenak berdez, eta energia-maila altuena dutenak, urdinez. Energia guztiak batuta, hatz-puntekin lepoko bat ukitzen ari den esku bat ikus daiteke; irudimen pixka batekin begiratuta, noski.

Irudia: NASA/CXC/CfA/P. Slane et al.

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia