Esku- eta begi-identifikazioa
1990/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Enpresa, etxe, edifizio eta abarretan, beti egon ohi dira alderdi edo gela bereziak. Sekretuak gordetzen direlako, material arriskutsuak daudelako edo beste arrazoi batzuk medio, ez da komeni leku berezi horietara edozein sartzerik.
Ateari giltza jartzeaz gain, azken urteotan pista magnetikozko txartelak erabili dira. Txartel-irakurleak atean datuak jasotzen ditu txartela zulora sartzen denean eta memorian erregistraturik duen informazioarekin bat datorrenean, atea ireki egiten du. Txartel honek ordea, baditu oztopo batzuk: pista desmagnetizatu egin daiteke eta pertsonak txartela soinean eraman behar du.
Geroztik indukzio magnetikozko txartelak ere atera dira, eta bere abantaila nagusia txartela irakurlearen zulora sartu behar ez izatea da. Frantziako autopistetako abonatuek erabiltzen dituzte honelakoak bidesaria ordaintzeko. Indukzio magnetikozko txartel hau kristal batera hurbildu eta kristal atzetik jasotzen dira automatikoki datuak. Txip elektroniko batean oinarriturik daudenez, oso zaila da indukziozko txartelak faltsifikatzea; txartel magnetiko aurruntak baino askoz ere zailagoa, noski. Hala ere, bai bata eta bai bestea ahaztu, galdu ala lapurtu egin daitezke.
Oztopo guzti horiek gainditzearren, ikerleek biometrian oinarritutako hiru sistema garatzen ari dira: pertsonaren ahotsa analizatzen duena, eskuaren forma ezagutzen duena eta begiko erretinaren forma identifikatzen duena.
“Fichet” etxeak, azken bi sistemak garatu ditu. Eskuaren forma ezagutzen duenari ID3D deitu dio eta funtzionamendu sinplea du. Lehenengo, gela berezira sartu nahi duen pertsonak kode konfidentzial bat osatu behar du eta gero bere eskua platera irakurle batean ipini. Bideokamera batzuek eskua hiru dimentsiotan “irakurri” eta datuak zenbaki bihurtu ondoren ordenadorera transmititzen dira. Pertsona jakin horren datuak aurrez ordenadorean daudenez, konparatu egiten dira, eta bat badatoz, atea irekiko da. Sistema honek eskuaren bolumen-parametroak kontutan hartzen dituenez, eskua tintaz zikindurik, bendaturik edo behatzean eraztuna duelarik badago ere atea ireki egingo da.
Erretinaren identifikazioa, are eta zehatzagoa da; behatz-markak konparatzea bezalakoa dela esan liteke. Baina pertsonaren begiko erretina analizatzea ez da batere erraza, eta “Fichet” etxeko ikerlariak erretina-zati bat aztertzera mugatu dira. Analizatzeko aparatuan begiak ez du ezer ukitzen. Pantailako argi-puntu batean fijatzea bakarrik egin behar da.
Erretinaren analisia izpi infragorriz egiten da. Diodo igorle batek erretinako forma zirkularra aztertzen du. Izpi infragorriak isladatu egiten dira eta ondoren zenbaki bihurturik informazioa ordenadorera bidaltzen da, lehen dagoenarekin konparatzera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia