Eskorpioiak eta kataratak
1999/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iluntasunean dir-dir egiten duten eskorpioiak aztertzen zebilela, Kaliforniako Unibertsitateko David Van Vranken-ek aurkikuntza interesgarria egin zuen. Eskorpioi horiek azalean duten proteina bat oxidatu eta saretu egiten da, azalari, babeserako behar duen gogortasuna emanez. Sarea osatzean, proteinaren kanpo-elektroiek mugitzeko dituzten energia-mailak ugaritu egiten dira eta, horrela, argi ultramorea zurga dezakete elektroiek.
Zurgatutako energia hori argi ikuskor gisa igorria da eta hortik dator iluntasunean dir-dir egiteko gaitasuna.
Marradun eskorpioiak (Centruroides vittatus) izpi ultramorez irradiatuz gero, 450 nm-ko uhin-luzerako argi urdina igortzen dute. David Van Vranken-ek igorpen hori posible egiten duen konposatua eskorpioiaren azaletik erauztea lortu eta beta-karbolino bat zela aurkitu zuen, giza begietako proteinak saretu eta kataratak osatzen direnean sortzen den berbera.
Kataraten formazioa prozesu motel eta konplexua da eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu ikerketarako, baina eskorpioien azaleko saretze-prozesua askoz azkarragoa da.
Prozesu horren azterketak beharbada kataraten formazioa ulertzen lagun diezaieke ikertzaileei.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia