}

Erromatarren aztarnak Amerikan

2000/02/22 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

1933an Mexikon lurpetik ateratako terrakota bat II. mendeko aztarna erromatarra dela frogatu da.

Europarrak Amerikara 1492 baino lehen joan ziren. Horretaz ez dago batere zalantzarik. Besteak beste, euskaldunak Ternuako uretan aritzen ziren arrantzan eta bikingoak Groenlandiatik Ipar Amerikara joan ziren. Orain beste aurkikuntza batetik antropologo batzuk atera duten ondorioa da erromatarrak ere Erdialdeko Amerikan egon zirela.

Aurkikuntza 1933. urtean Toluca bailaran izan zen, Mexiko hiritik 65 kilometro mendebalderantz. Terrakota txiki bat lurpetik atera zuten, hau da, labean landutako buztinezko figuratxo bat. Zentimetro gutxiko altuera duen gizon bizardun baten burua da. Aipagarria da kolonaurreko edozein figuraren estilorik ez duela. Aurkitu eta berehala galdu egin zen terrakota. Azkenik, 1994an Santiago Genoves antropologoak berriz aurkitu eta Mexiko hiriko museora eraman zuen. Roman Hristov antropologoak bere jatorria ikertzea erabaki zuen.

Beroaren aztarnak

Terrakotaren lepotik laginak hartu eta Max Plank institutura eraman zituen. Han termolumineszentziaren metodologiaz aztertu zituen. Teknika honek denboran zehar metatutako energia altuko elektroiak argi bihurtzen ditu. Argia neurtuta jakin daiteke noiz sartu zen labean. Burua duela 1.800 urte landutakoa da, hau da, 200. urtekoa gutxi gorabehera. Hristov-ek artean adituengana jo zuen. Adituek arte erromatarra zela baieztatu zuten. Gainera, aurkikuntzaren inguruko ikerketen arabera, burua 1510. urtea baino lehenago lurperatu zen, espainiarrak Erdialdeko Amerikara iritsi baino hamar bat urte lehenago.

Calgary-ko unibertsitateko David Kelley arkeologoaren arabera, burua lurpetik profesionalek atera zuten. «Hiru lur geruzen azpian zegoen. Arkeologiak eskain dezakeen fidagarritasuna handiena du». Hristov-en iritziz, Europa eta Amerikaren arteko harremanak espainiak iritsi aurrekoak direlako froga da. Baina ez dago garbi eztabaida hori argituko duen. «Ez dakit zergatik antzinako harremanak ezinezkoa izan behar duen», dio Betty Meggers-ek, Washington DC-ko Historia Naturaleko museoko antropologoak. Esaten duenez, Japoniako eta Ekuadorko eltzegintzan zenbait ezaugarri berdin badira.

Illinois-eko unibertsitateko David Grobe arkeologoa ados dago terrakota erromatarra dela. Hala ere, bere ustez beste nolabait ere irits zitekeen Mexikora. Kostaldean hondoratutako itsasontzi erromatar batetik jasoa izan liteke, garai haietako jendearen arteko inolako harremanik gertatu gabe. Gainera, kolonaurreko artean ez da kulturen nahasketaren aztarnarik aurkitu, ez erromatarrena ezta Europako beste inorena ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia