}

Errinozeronte iletsuak Ingalaterran

2002/10/31 Elhuyar Zientzia

Duela 35.000 urte bizi izan ziren lau errinozeronte iletsuren (Coelodonta antiquus) hezurrak aurkitu dira Ingalaterran. Whitemoore Haye deitzen den harrobian aurkitu dira fosilak eta oso egoera onean daudela esan dute paleontologoek.

Errinozeronte baten ia gorputz osoa aurkitu da. Are gehiago, haginen artean landareen hondakinak ere aurkitu dituzte eta errinozerontearen azken jatordua zein izan zen jakiteko balioko dute.

Gainera, hezurren inguruan ederki gorde diren landare eta intsektuak ere aurkitu dituzte. Intsektuen artean aipagarriena klimarekiko oso sentikorra den kakalardo-espezie bat da. Hori aztertuta, orduko klimari eta ingurumenari buruzko datu oso baliotsuak lortuko dituztela esan dute adituek.

Adituen esanean, garai hartako klima gogorragatik daude fosilak hain egoera onean. Badirudi errinozeronteak hil eta berehala izoztu zirela, gorpuetan ez baitago harrapari edo sarraskijaleen aztarnarik.

Hala ere, oraindik ez da garai haietako gizakiaren aztarnarik aurkitu, eta ez dute uste inoiz aurkituko dutenik, agian eguraldia hotzegia zelako han bizitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia