}

Erretzen ez diren euroak

2001/12/01 Ares, Felix Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur gure txanpon berria ikertuko dugu; euroa, alegia. Eta su eman arren ez dela erretzen ikusiko dugu.

Esperimentua egiteko bost euroko billetea, poto bat alkohol, edalontzi bat, sukaldeko pintzak, gatz pixka bat, golaratxo bat eta kaxa bat pospolo beharko ditugu.

Edalontzian hatz pare bat adina alkohol jarriko dugu eta horren gainera beste horrenbeste ur isuriko dugu. Hau da, alkohol- eta ur-kopuru bertsua jarriko ditugu.

Ondoren bi golaratxokada gatz gehitu eta ondo nahastu.

Jarraian bost euroko billetea nahaste horretan sartu eta minutu inguruan eduki, ondo busti dadin. Ondo hezetu denean, sukaldeko pintzekin heldu, pospolo bat piztu eta su eman billeteari.

Su gorri-gorria egiten duela ikusiko duzu. Baina segundo batzuen buruan itzali egin dela eta billeteak bere horretan dirauela ohartuko zara. Gainera, ez erretzeaz gain, nahiko lehorra dagoela ere ikusiko duzu.

Zergatik ez da erre? Ura eta alkohola jartzean dago gakoa. Ura paperaren zuntzetan sartzen da eta su ematean alkohola erretzen da, baina ez papera, urez blai baitago. Alkohol guztia erre denean ere papera oraindik bustita dago eta ez da erretzen, ez du su hartzen.

Eta gatza zertarako? Ondo dakizunez, alkoholari ikusten oso zaila den su urdina dario. Gatza kloruro sodikoa da, eta errearaztean sodioa “erretzen“ dugu. Eta horrek ikustea asko errazten duen su gorrizta sortzen du.

Bost euroko billetea erabiltzeko proposatu dugu esperimentua gaizki ateraz gero porrot eginda gera ez zaitezten. Baina teknika ongi ikasten duzuen unetik balio gehiagoko billeteak erabil ditzakezue. Benetako dirua erabili aurretik paperarekin saiatzea ere ez dago gaizki, asteko pagarik gabe gera ez zaitezten.

Kontuan izan esperimentu hau koskortu samarrak zaretenok egitekoa dela eta gaztetxoenek gurasoei laguntza eskatu beharko zenieketela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia