Errepiderik behar ez dutenentzako mapak
2007/05/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Errepideak marraztea ez da nahitaezkoa errepide-mapa bat egiteko; errepideen inpaktu ekologikoa kontuan hartu besterik ez da egin behar. Coloradoko geologo batzuek horixe egin dute Estatu Batuetako mapa bat osatzeko: lurraldea hogeita hamar metroko aldeko karratuetan banatu dute, eta karratuei bolumena eman diete gertueneko errepideraino dagoen distantziaren arabera. Hala, maparen puntu batean mendia izateak adierazten du puntu hori urruti dagoela errepide batetik. Haien esanean, errepiderik gabeko bolumena irudikatu dute. Azken batean, mapa inpaktu ekologikoaren irudikapena da.
Geologoek inpaktu horren eboluzioa ere aztertu dute. Irudi hau adibide bat da: Denver hiria eta inguruko lurraldea ikusten da 1937ko datuekin (ezkerrean) eta 1997koekin (eskuinean) irudikatuta.
Tokian tokiko datuak eta populazioa konbinatuta, geologoek beste mapa-mota batzuk ere egin dituzte, errepiderik gabeko bolumena biztanle bakoitzeko mapa, esate baterako. Mapa horretan, adibidez, argi eta garbi ikusten da errepiderik gabeko eremu handiagoa dagokiola Estatu Batuetako mendebaldeko biztanle bati ekialdeko bati baino.
Argazkia: USGS
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia