}

Errekorrak zoriz hausten dira

2002/05/30 Elhuyar Zientzia

Badirudi atletismoko probetan ez dagoela mugarik, errekorrak behin eta berriro hausten baitira. Itxuraz, material hobeak lortzen diren heinean, eta entrenamendu eta prestaketa zehatzagoen laguntzaren bidez, atletak gai dira aurrekoen markak gainditzeko. Alemaniako Jülich-eko Ikerketa Zentroko matematikarien arabera, ordea, atletismoko errekorrak zori hutsez hausten dira. Haien esanean, atletak ez dira gero eta hobeak, eta errekorrak hobetzen badira, arrazoi estatistikoengatik da.

Nature aldizkarian argitaratu duten ikerketan, 80ko hamarkadako kirol-emaitza onenenetan oinarrituta egin zuten aurreikuspena azaltzen dute. Zori hutsezko metodoa erabiliz, 90eko hamarkadako emaitzak iragarri zituzten, eta ia bete-betean asmatu zuten. Hortik ondorioztatzen dute teknikak agintzen duen kiroletan (luzera-jauzian eta altuera-jauzian, besteak beste) atletek gailurra jo dutela, eta errekorren bat hausten bada, aurreikusi ezin daitezkeen eragileengatik dela, esate baterako, eguraldi aproposa dagoelako edota ordulari hobeak erabili direlako. Horren adierazle da, adibidez, 80ko hamarkadatik (hau da, dopingaren aurkako neurri zorrotzak hartu zirenetik) disko- eta mailu-jaurtiketetan errekorrik ez egin izana.

Ikerketaren beste ondorioetako bat hauxe da: halako batean errekorrak nabarmen hobetuz gero, une horretan detektatu ezin den dopingarengatik izango litzateke. Jakina da kirol-jarduera hobetzeko substantziak haiek detektatzeko metodoak baino lehenago asmatzen direla. Hortaz, atletak maila gorenera iritsi direla kontuan hartzen bada, norbaitek aurreko markarekiko alde handia lortzen badu, dopingaren laguntza izan duela susma daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia