Errekak sutea gailentzen du, baina ez ondorio gabe
2001/08/26 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Era naturalean sortutako suteak nahiko ongi gainditu izan dituzte landareek; kasu batzuetan, gainera, beharrezko ere badira. Gizakiarengandik urrun dauden ekosistemetan, suteek paper garrantzitsua jokatzen dute dibertsitatean, produktibitatean eta, epe luzera, ekosistemaren egonkortasunean. Suak materia berritzea ere badakar, batez ere, oihan koniferoetan (pinuak, izeiak, alertzeak eta altzifreak dauden oihanetan), ekoizten dena deskonposatzen dena baino gehiago izan ohi delako. Egia da suak materia hori guztia idortu eta ke eta errauts bilakatzen duela, baina amaierako produktuak, kimikoki, hasierakoen antzekoak dira eta errautsek landarediarentzat erabilgarriak diren elikagaiak dituzte. Beste zenbait kasutan, suteek landarediaren gaixotasunei aurre egiteko balio izaten dute, intsektu hosto-jaleen plagak eliminatzeko, kasu.
Baina suteak ez dira beti onuragarri gertatzen, eta udazken aldera, behin eta berriz, probokatzen diren suteek txikizioak eragiten dituzte fauna eta floran, lurzoruan baita erreka eta ibaietan ere. Azken aspektu hori ez da oso ezaguna, baina kalteak epe labur zein ertainekoak izaten dira. Adibidez, erreka edo ibaiaren ur emarian, esekitako partikulen kopuruan, garraiatutako materietan, elikagaien kontzentrazioan eta uraren tenperaturan dute eragina. Hori kontuan harturik, arro maldatsuetako errekatxoek ondorio handiagoak izaten dituzte.
Erosioa da sutearen mendekua
Suteek erreketan sortzen dituzten kalteak aldaketa kimikoak baino nabarmenagoak izan ohi dira. Lehen euritearekin batera edo elurra urtzen hasten denean, adibidez, begi bistakoa izaten da ur emariaren bat-bateko igoera. Izan ere, prezipitazioaren edo urtzen den elurraren parte batek infiltratzea lortzen duen arren, biluztutako arroak prezipitazioa atxikitzeko gaitasuna galdu egiten duelako eta suteak geruza iragangaitz bat sortzen duelako, ur kantitate gehiena zuzenean errekara isurtzen da. Baina errekako ur emaria igotzea baino kaltegarriagoa da arroan behera doan urak, hartzen duen abiaduragatik, sortzen duen ezegonkortasuna eta erosioa. Urak bidean harrapatzen dituen egur hondakinek, harri koskorrek eta kaltegarriagoak diren sedimentu finek errekaren ibilguan amaitzen dute. Dirudienez, lurzoru granitiko eta sedimentarioetan, eta malda handietako arroetan, erosioaren arriskua handiagoa izaten da.
Sedimentuaren tamainaren araberakoa izaten da erosioak sortzen duen kaltea. Sedimentu handiek, erorketan, arrautzak eta arrain-kumeak hiltzeko arriskua sortu arren, eta arrainen habitata aldatu arren, arrainei babesa ere eskaintzen diete. Arroan landarerik ezak errekako ur-korronteak bizitzen dituela kontuan izanik, babes horrek berebiziko garrantzia izan dezake. Alderantziz, errekara heltzen diren sedimentuak finak direnean, kalteak larriak izaten dira, batez ere, arrautzentzat eta arrain-kumeentzat. Izan ere, arrautzak metatuta egoten dira, eta esekitako partikulak arrautzen arteko zirrikituetan sartu eta oxigeno faltagatik arrautzak ito egiten dira.
Ura erre ez, baina tenperatura igo bai
Lurra biluzteak eta, kasu honetan, batez ere, ibai ertzak biluzteak, badu beste zuzeneko eragin bat: uraren tenperatura igotzea. Igoera hori, batzuetan, ez da oso nabarmena izaten, baina eguzki--izpiak biziak eta korrontea, berriz, makala bada, ura 12 ºC igo daiteke. Ura epeltzearekin batera, ur epeletako fauna areagotu egiten da (salmonidoen kalterako) eta oxigeno kontzentrazioa, berriz, gutxitu. Azken aldaketa hori bi arrazoiengatik gertatzen da; alde batetik, tenperatura igotzean urak oxigenoa disolbatzeko gaitasuna galdu egiten duelako; eta, bestetik, arestian aipatutako fauna ugaltzeak oxigeno kontsumoa areagotzen duelako. Gainera, landarediaren itzalik gabe, ur azpiko argitasuna handiagoa izaten da urpeko landarediaren mesederako, eta, egunez oxigenoa libratzen badute ere, gauez kontsumitu egiten dute. Hala ere, euriteetan uhertasuna handia izaten da eta, beraz, landarediak ere aldaketa laster horietara egokitu beharra izaten du. Azkenik, tenperatura igotzeak gaixotasunak hedatzea ere errazten du eta, ondorioz, arrain produkzioa gutxitu egiten da.
Hala ere, suteek tenperaturan sortzen dituzten aldaketak epe ertainekoak izan ohi dira, eta landaredia berreskuratzea nahiko izaten da lehenera itzultzeko.
Ur-molekulak baino zerbait gehiago
Ura ur molekulak baino zerbait gehiago da, eta, arestian aldaketa kimikoak urriak direla aipatu arren, neurketek, besteak beste, nitrogeno, fosforo eta azidotasun mailaren gorabehera batzuk atzeman dituzte.
Amonioari (NH4+) dagokionez, beroaren ondorengo jarduera biologikoaren eraginez nabarmen igotzen da; baina, aste gutxitan, desagertu egiten da. Bakterio amonifikatzaileek 100 ºC baino gehiago jasaten dituzte eta bakterio nitrifikatzaileak, berriz, 53-58 ºC-tan hiltzen dira. Horrela, nitrogenoa amonio eran heltzen da errekara eta, nitrifikatzeko, errekako oxigenoa kontsumitzen du. Aldaketa guzti horiek sutea gertatu eta aste gutxi batzuetan irauten dute.
Fosforo maila eta azidotasun-a ere igo egiten dira, azken hori suteak sortutako errautsen ondorioz, baina urte pare batean pH-a bere onera itzultzen da.
Argi dago, beraz, suteek erreka eta ibaietan ere eragina dutela eta gehienetan eragin txarra gainera. Aurrerantzean, berreskuratze-planetako indarrak uretako ekosistemak leheneratzeko ere bideratzea komeniko litzateke.
Berreskuratzeko neurriak
Suteek erreketan eta ibaietan duten eragina ikertu duten C. Fernandez eta J. Sanchez biologoen arabera, erretako guneak berreskuratzeko ardura duten administrazioek ez dute, oro har, arazo hori aintzat hartzen. Alta, arazoak larriak izan arren, ez dute aparteko lanik eskatzen. Indarrak gehienbat landaredia leheneratzera eta errekaren edo ibaiaren bazterrak babestera bideratu beharko lirateke.
Prezipitazioek errekaratutako egur hondakin eta harri koskorrak ez dira kendu behar, arestian aipatu bezala, arrainek babesteko erabiltzen baitituzte. Gainera, egurra usteltzen den heinean materia organikoa libratzen du, eta mikroorganismoentzako elikagai bihurtzen da. Sedimentu finei dagokienez, berriz, lan zail eta zehatza izan arren, errekako ibilgutik eta, batez ere, arrabalekuetatik kentzea komeni da, hurrengo euriteetan berriz eseki eta arrautza gehiago hil ez dezaten.
Bestalde, dirudienez, arrain helduentzako habitata lehen urteetan asko hobetzen da, baina elikagai eskasiak iraun egiten du. Arrain-kumeek, berriz, zailtasun gehiago izaten dute babeslekuak topatzeko, eta habitat artifizialak sortzea beharrezko ikusten dute biologoek. Azkenik, beharrezkoa da suteak kaltetutako erreka edo ibaiaren zatian arrantza debekatzea edo, gutxienez, murriztea. Izan ere, errekak bere onera itzultzeko, gutxienez, 25 urte behar izaten dituela kalkulatzen da, eta ez diezaiogun guk lan gehiago zaildu!
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia