}

Erradikal askeek badute lan bat belarrian

2006/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erradikal askeek badute lan bat belarrian
2006/03/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Oxigenoaren erradikal askeek zelularen 'hondatzearekin' eta, azken finean, zahartzaroarekin dute zerikusia. Erradikalek sekulako jarduera kimikoa izaten dute; azkar erreakzionatzen dute inguruko molekulekin, eta, ondorioz, suntsitu behar ez dena ere suntsitu egiten dute. Baina oxigenoaren erradikalak ez dira suntsitzaile hutsak: ikerketa baten arabera, barne-belarrian badute zeregin bat, gutxienez.

Zeregin hori orekari eusteko sistemaren parte da. Orekari eusteko, otokonia izeneko kristal txiki batzuk dituzte belarrian ugaztunek. Kristaltxo horiek laguntzen diote animaliari goialdea eta behealdea bereizten. Eta kristaltxoak falta dituzten arratoiak, adibidez, ez dira behar bezala ibiltzen, eta hankaz gora daudenean ez dira saiatu ere egiten buelta ematen.

Estatu Batuetako ikertzaile batzuek efektu horiek ikusi dituzte arratoietan hainbat gene kenduta, eta hortik dator erradikalekiko lotura: gene horien lana da oxigenoaren erradikalak sortzen dituzten molekulak sintetizatzea. Azken batean, zientzialariek erradikalen eta otokoniaren sorreraren arteko lotura bat aurkitu dute. Oraindik ez dakite zehatz-mehatz zein den prozesuaren kimika, baina lortu dute jakitea animalia jaio baino lehenago egoten direla aktibatuta otokoniaren sorreran parte hartzen duten geneak. Jaiotzearekin batera, gene horiek 'isildu' egiten dira. Azkenean, zahartzaroarekin ez ezik, jaiotzearekin ere badute zerikusia oxigenoaren erradikalek.

Berriak labur
13
1
218
2006
3
036
Anatomia/Fisiologia