Erradiazio ionizatzaileak DNAn eragiten dituen mutazio bereizgarriak identifikatu dituzte


Erradiazio ionizatzaileak DNA kaltetzen duela eta ondorioz minbizia izateko arriskua handitzen duela jakina da; ez ordea hori nola gertatzen den, zehazki. Nature Communications aldizkarian argiataratu berri duten ikerketa batean, erradiazio ionizatzaileak eragiten dituen bi mutazio-mota identifikatu dituzte.

Ikertzaileek adierazi dutenez, pentsatzekoa da era askotako kalteak eragiten dituztela erradiazio ionizatzaileek (X eta gamma izpiak, esaterako); baina, orain bi mutazio-mota bereizgarri aurkitu dituzte. Lehenengoan, DNAren base gutxi batzuk ezabatzen dira, eta bigarrenean, DNA bi puntutan moztu, tartean gelditzen den zatia biratu, eta berriz lotzen da, alderantzizko zentzuan. Horrelako alderantzikatzeak ez dira gorputzean berez gertatzen.

Erradiazioak eragindako tumoreak zituzten 12 gaixoren laginak erradiaziorik izan ez duten beste 319rekin konparatuz iritsi dira ondorio horietara. Eta ikusi dute, gainera, minbizi-motarekiko independenteak direla mutazio horiek. Ikertzaileen iritziz, aurkikuntza baliagarria izan daiteke jakiteko zein minbizi diren erradiazioak eragindakoak, eta, behin hori jakinda, ikertzeko erradiazioak eragindako minbiziak desberdin tratatu behar ote liratekeen edo ez.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna