Erradiazio-dosiak eta biziraupena
2000/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dosi txikiko erradiazioak giza gorputzean duen eraginari buruz egin diren ikerketetan emaitza kontrajarriak lortu izan dira.
Zenbait ikerketatan Hiroshima eta Nagasakiko bonba atomikoak jaso eta bizirik iraun zuten pertsona batzuk gehiago bizi zirela ondorioztatu zen; hau da, erradiazio-dosi txikiak jaso zituztenetako batzuk erradiaziorik jaso ez zutenak baino gehiago bizi zirela. Beste batzuek, berriz, kontrakoa adierazi zuten; pertsona horiek minbizia garatu eta gazteago hiltzen zirela, alegia.
Hala ere, minbiziaz hiltzen ez zirenekin ikerketa gutxi egin da. Ikerketa berri batek bonba atomikoa jaso zuten 120.000 pertsona aztertu ditu eta biziraupena eta erradiazio-maila lotu ditu. Ikerketaren arabera, zurgatutako erradiazio-unitate bakoitzeko (Gy) biziraupena 1,3 urte jaisten da, baina dosia zenbat eta handiagoa izan, bizitzeko urteak azkarrago galtzen dira.
Biziraupenari dagokionez, Gy bat baino erradiazio gutxiago jaso zutenek, batez beste, 2 hilabeteko bizia galdu zuten eta muga horretatik gorakoek, berriz, 2,6 urte galdu zituzten. Aztertutako pertsona guztiek bizia batez beste lau hilabete murriztu zuten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia