}

Erosketa arduratsua

2003/05/18 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Azken urteotan, erosketak egiteko orduan, ohiturak asko aldatu dira. Lehen, etxetik erosketetako poltsarekin irten eta herriko azokara edo beheko dendara joaten zen jendea. Orain, ordea, autoa hartuta merkataritza-gune handietara joatea ohikoa da, eta ingurumena hasia da dagoeneko aldaketa horren eraginak jasaten.
Zaila da zer erosi aukeratzea.

Gaur egun hipermerkatuetara joateko ohitura oso zabalduta dago, eta ulertzekoa da: berta-bertaraino autoz joateko aukera eskaintzen dute, eta, hala, aste osorako erosketak leku berean egin daitezke.

Etxeko zakarrontziari begiratzen bazaio ere, garai batekoarekin alderatzeko, aldaketa nabarmena ikusten da. Birziklatzearen aroaren aurretik, zakarrontzi bakarra izaten zen eta bertan hondakin organikoak pilatzen ziren gehienbat. Laranja-azalak, haragi-hezurrak eta aza-hostoak jogurt-poto eta plastikozko poltsa gutxi batzuekin nahasian egoten ziren. Beirazko botilarik apenas aurkitzen zen zaborretan, botilarik gehienak dendara itzultzen ziren eta.

Egun, zakarrontzi bakarra izan beharrean hiruzpalau izaten dira, edo hiruzpalau poltsa zakarrontzi berean, zaborrak egoki sailkatuz birziklatzea errazteko. Baina deigarriena edukia da. Zakarrontzia plastikozko ontziz eta poltsaz eta metalezko lataz betetzen da etxe gehienetan. Ez da harritzekoa, erositako produkturik gehienak bildurik etortzen baitira. Esate baterako, kilo bat tomate erostean tomateez gain kartoizko bandejatxoa eta plastikozko bilgarria ere eramaten dira etxera.

Bilgarri horien helburua ez da produktua etxeraino erosoago eramaten laguntzea bakarrik, erakargarriago ere egiten du produktua. Baina bada bilgarria ezinbestekoa ez dela pentsatzen duenik. Bilgarria ekoizteko erabiltzen diren lehengaiak eta energia alferrik xahutu direla pentsa daiteke, garraioan eta lehengaien eraldaketetan sortzen den poluzioa ahaztu gabe.

Gaur egun lehen baino ontzi gehiago erabiltzen ditugu.

Hori guztia kontuan izanda, zergatik ez egin eroslea bera erosten duenaren erantzule? Alegia, bera izan dadila produktuen ekoizpenean eta garraioan kontsumitu eta poluitu denaren arduradun. Bide horretatik, erosketa arduratsuagoa bultzatu nahi da, egungo kontsumo-ohiturek ingurumenari eragiten dioten kaltea murrizteko.

Gehiegizko kontsumoak sortzen dituen kalteak murrizteko ohiturak aldatu beste biderik ez dago. Baina ohiturak aldatzea ez dirudi hain erraza denik. Lehenengo pausoa lehengo ohiturak berreskuratzea izan daiteke: ogia erostera otarra eskuan joatea, behar ez denean argia itzaltzea, etxea epeldutakoan berogailua kentzea, oinez joatea gertu dauden dendetara autoa hartu beharrean eta abar.

Hamaika galdera erosketak era arduratsuan egiteko

Zerbait erostera joandakoan, ondorengo galderak buruan izateak lagun dezake. Benetan behar dut?

Alferrikakoak diren tresna eta objektu asko pilatzen dira ia erabili gabe; horregatik, zerbait erosi aurretik, emango zaion erabileraren arabera beste norbaiti eskatzeko edo alokatzeko aukerarik dagoen ikus daiteke.

Erosketak egiteko ere auto-ilarak jasan behar!

Esaterako, auto asko noizbehinka bakarrik erabiltzen dira. Auto bakoitzak hamaika material desberdinetako atalak ditu. Material horietako bakoitzaren ekoizpenean lehengaiak ustiatzetik hasi, eraldaketak egin eta auto-fabrikara garraiatu arte ingurumena poluitzen da. Horregatik, kasu askotan ez du merezi auto bat erosterik ikuspuntu ekologikotik, ezta ekonomikotik ere, garraio publikoa egokia bada edo noizbehinka alokatzeko nahiz beste norbaitekin konpartitzeko aukera badago.

Non egina da?

Kanpotik ekarritako produktuen garraioan erregai asko kontsumitzen da. Horretaz gain, enpresa ekoizleak ingurumen-araudia betetzen duen ala ez jakitea zailagoa da. Gai toxikoak erabiltzen dituen edo langileek soldata duin bat jasotzen duten jakitea ere ia ezinezkoa da herri horiek urrun daudelako. Jakina da enpresa askok ingurumen-araudi leunagoak dituzten herrialdeetara eramaten dituztela fabrikak, garatze-bidean daudenetara normalean, eta, ondorioz, produktuaren ekoizpena garbia den zalantzan jar daiteke.

Produktua erabili ondoren, ekoizlea arduratzen da jaso eta birziklatzeaz? Batez ere material desberdin asko dituzten produktuen kasuan –autoak, garbigailuak, telebistak, ordenagailuak– oso garrantzitsua da galdera hau, material horiek guztiak bereizita birziklatu behar baitira. Zailtasun horren aurrean, batzuetan, zabortegietan pilatzen dira, besterik gabe.

Behin bakarrik erabiltzekoa da?

Eskuan otarra hartu eta azokara!

Behin bakarrik erabili ondoren botatzen diren produktuak oso modan daude: muki-zapiak, argazki-kamerak... eta laster erabili eta botatzeko telefono mugikorrak ere izango omen ditugu. Tresna asko dira konpondu beharrean bota egiten direnak berria erosteko, besteak beste, konpontzea berria erostea baino garestiagoa delako askotan. Antzinako usadioetara itzuliz, erosten diren tresnak ahalik eta gehien iraun dezaten saiatzea komeniko litzateke. Irtenbideetako bat ingurumenari eginiko kaltearen ordainetan prezioa igotzea izango litzateke; hala, produkturik poluitzaileenak garestiagoak izango lirateke ingurumena errespetatzen dutenak baino.

Hamaika galdera gehiago etor daitezke burura, eta erantzunak zentzuz bilatzean dago gakoa, antza. Orain produktuen etiketetan galdera horien erantzunak azaltzea baino ez da falta, informazio-eskubidea bermatzea, alegia.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia