Erori egin zaie
2004/09/09 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Askotan gauzak ez dira behar bezala ateratzen; astronautikan, adibidez, nabarmena da. Eta, atzo, NASAkoak horren lekuko izan ziren.
Genesis izeneko zunda bat bidali zuten espaziora Eguzkiak igortzen duen 'haizearen' laginak hartzeko. Laginak hartu eta Lurrera ekarri behar zituen zundak, NASAko laborategietan analizatzeko. Baina zundak ez zuen atmosferan sartu behar; aitzitik, kapsula baten barruan erortzen utzi behar zituen laginak Utahko basamortuan. Horraino, planak bete egin ziren.
Baina zailena atmosfera barrukoa zen. Kapsularen barruko tresneria oso delikatua zen, eta, beraz, astronomoek ez zuten nahi zoruaren kontra talka egiterik. Hori saihesteko, kapsulak paraxuta zabaldu behar zuen, eta helikoptero batzuetatik jaso egin behar zuten kako luze batzuen bitartez. Zaila, ezta? Horrexegatik kontratatu zituzten Hollywoodeko espezialistak kapsula harrapatzeko.
Hala eta guztiz ere, arazo larri bat izan zen: paraxuta ez zen zabaldu. Beraz, hasierako plana betetzea zaila bazen, paraxutik gabe erabat ezinezkoa izan zen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia