}

Erlojuaren kontrako ikerketa

1995/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kurilak Irletako bioaniztasunaren egoera aztertu nahiko lukete Washington-go Unibertsitateko biologoek. Errusiako gobernuak iragarri berri duenez, hurrengo urteotan Irlak jendez bete nahi dituzte eta horretarako bertara joan nahi duten errusiarrei pizgarri bereziak ematen hasi da. Horrek arriskuan jar lezake ikerlari amerikarrek orain dela hiru urte abiarazi zuten ikerketa-proiektua.

Biologoen iritziz, errusiarren eta japoniarren arteko liskarrek Kurilak Irlei buruzko ikuspegi politiko hutsa hedarazi dute zientzilarien artean eta artxipielagoaren balio biologikoaz ez dela inor arduratu salatu dute.

Washingtongo ikerlariek 30.000 animali eta landare-espezie zerrendatu dituzte jadanik, horietarik 40 orain arte ezezagunak zirelarik. Biologoek iragarri dutenez, hurrengo bi urteak erabakiorrak izango dira Kurilak Irletako bioaniztasunari buruzko ikerketak biribildu ahal izateko. Orain arte bildutako datuez izan ere, osoko azalpena egin asmo dute eta horretarako zenbait espezien bilakaera aztertzea ezinbestekoa da. Errusiako gobernuak bertara eraman nahi duen jendetza hori egin baino lehen iritsiko balitz ordea, ikerketa proiektua bertan behera utzi beharko lukete.

Kurilak irlez osatutako katea luzea da, Kamtxatka-tik Hokkaido irlaraino zabaltzen dena. 1945ez geroztik Errusiako artxipielagoa da, baina Japoniak hegoaldeko irlen jabegoa aldarrikatzen du. Biologoen iritziz, errusiarren eta japoniarren arteko liskarrek Kurilak Irlei buruzko ikuspegi politiko hutsa hedarazi dute zientzilarien artean eta artxipielagoaren balio biologikoaz ez dela inor arduratu salatu dute. Edonola ere, ikertzen utz dezaten da oraingoz eskatu duten gauza bakarra.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia