}

Erlojuaren kontra

1998/01/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Makina bat saio egin da orain arte eta hemendik aurrera ere, noski, orduak eta hilabeteak joango dira hitzaspertuan. Klimari buruzko goi-bilera, beste bat, pasa da eta oraindik ez dago mahai gainean etorkizunari buruz lasaiago egoteko modua emango digun konpromezu tinkorik. Hain zaila al da?

Uste baino zailago, emaitzak ikusita. Klimari buruzko azken gailurrak berotegi-efektua areagotzen duten sei gasen emisioak murriztea onartu du, egia da, baina gehienok uste edo nahi baino apalagoa izango da murrizketa hori.

Berotegi-efektua, azkenaldian etengabe entzun dugunak besterik adierazten badigu ere, behar-beharrezkoa da Lurrean bizia egoteko; gu geu bizirik egoteko, bestela esanda. Geure buru gaineko berotegi erraldoi hori gabe, izan ere, akabo bizidunon historia bolatxo honetan, efektu horrek sortzen dituen baldintzak behar baititugu bizirik segitzeko. Hori bai: neurrian. Berotegiak larregi berotzen badu, neurririk gabe handiagotzen da batezbesteko tenperatura eta bizia egotea eragozten du horrek. Hain zuzen ere, oreka hori bere puntuan mantentzeaz arduratzen dira ditxosozko gasak. Edo, gaur egungo egoerari erreparatzen badiogu, gas horiek oreka galarazi dutela esan beharko genuke.

Berotegi-efektuaren % 80 karbono(IV) oxidoari zor zaio, edozein erregai fosil erraz askatzen den gasari, alegia. Industri Iraultzaz geroztik hasi da nozitzen gas horren gehiegizko emisioa, industri iharduerak eragin zuzena baitu. Baina ez bakarrik hark.

Munduan 450 milioi automobil dabiltza harat-honat; milaka hegazkin eta itsasuntzi; eta mundu garatuan bederen, elektrizitatea neurririk gabe xahutzen dugu. EEBBetako etxe guztietan leihoak eta ateak behar bezala babestuta soilik, karbono-dioxidoaren emisioak % 20 gutxiago izatea lortuko lukete.

Gas honen inguruan, karbono(IV) oxidoaren inguruan izan dira Kiotoko hitzaldi gehienak, baina azkenik, gobernuek adostu duten hitzarmenak sei gasen emisioak arautuko ditu. Eragin eta erabilpen desberdina duten gasak dira guztiak, baina berotegi-efektua areagotzen ari direnik ez du inork zalantzan jartzen.

Berotegia gero eta trinkoagoa izanik, Lurrak berotzera joko du erremediorik gabe. Eragin eta ondorioei buruz ere luze hitz egin da azken hilabete hauetan. Kioto xake-partida erraldoia izan da; 10 egunez piezak arreta handiz mugitu dituzte partaideek eta emaitza ikusgarririk ez dute lortu. Pieza guztiak aztertu behar dira partidaren nondik norakoa ezagutu nahi badugu. Kioto puzzle erraldoi bat izan da eta pieza bakoitzak du bere lekua.

PROTOKOLOAREN XEHETASUNAK
  • Hitzartutako agiriak ondoko berotegi-gasen emisioei eragingo die: karbono(IV) oxidoa, metanoa, nitrogeno(IV) oxidoa, perfluorohidrokarburoak eta fluorohidrokarburoak, sufre(VI fluoruroa eta karbono(IV) fluoruroa. Batezbesteko murrizketa % 5,2koa izango da.
  • 2008-2012 urte bitarteko epeak ezarri dira herri industrializatuek beren emisioak murrizteko 1990. urtekoak irizpidetzat hartuz. Epe horretatik aurrerako neurriak zehazteke geratu dira.
  • Emisio-trukea delakoak konpromezua bete ez duen herrialdeari emisio-muga gainditu ez duen herrialdearen kuota erostea ahalbidetzen dio.

PARTAIDEAK

  • 165 gobernuetako ordezkariak, hau da, Berlinen Klimaren Aldaketari buruzko Hitzarmen Markoa sinatu zuten estatuak. Nazio Batuen Erakundea arduratu da biltzarra antolatzeaz eta Bonn hiritik koordinatu da.
  • Klimaren Aldaketari buruzko Nazioarteko Panela izeneko erakundean parte hartzen duten 2.000 zientzialariak. Klima, ingurugiro-inpaktu eta ekonomian adituak dira eta urtean hirutan elkartzen dira gutxienez. Hitzarmenera bildutako estatuentzat txosten teknikoak egiten eta eztabaidarako puntuak finkatzen dituzte.
  • Talde ekologistak edo gobernuz kanpoko erakundeak. Klimaren Iharduerarako Sarea da koordinatzeko gune nagusia eta 160 erakunde baino gehiago daude bertan. Profil eta eragin desberdina duten erakundeak dira eta oro har presio-talde bezala jokatzen dute gailur hauetan. Orain arteko goi-bilera guztietan parte hartu dute foro alternatiboetan.
  • Industria. Bereziki erregai fosilak ustiatzen dituzten enpresen interesak ordezkatzen dituzten taldeak egon dira Kioton. Garrantzitsuenak Global Climate Coalition izeneko taldea da, General Motors, Chrisler, Shell eta Texacco enpresek finantziatzen dutena. Berriki, ordea, klima-aldaketaz kezkaturik dauden enpresak ere egituratzen hasi dira talde ekonomiko handi honi aurrea hartzearren. Adierazgarrienak energia berriztagarriak sustatzen dituzten enpresak eta aseguru-etxe handiak dira.

AURREKARIAK

Kiotoko Gailurraren izen ofiziala Klimaren Aldaketari buruzko Hitzarmen Markoaren 3. Biltzarra da. Japoniako bilera baino lehen ondoko saioak egin dira klimaren egoeraz hausnarketa egiteko:

Torontoko Konferentzia (1988)
Klimari buruzko Nazioarteko Biltzarrak (1990-1991)
Rioko Lurraren Goi Bilera (1992)
Berlingo Klimari Buruzko Lehen Gailurra (1995)
Genevako Klimari Buruzko Gailurra (1996)

Berlingo topaketa baino lehen, Nazio Batuen Erakundeko kide guztiek bilera horietan parte hartzeko eskubidea zuten; lehen gailurraz gero, ordea, soilik Hitzarmen Markoa sinatu duten gobernuentzat daude irekita saioak.

ZERGATIK EZ DA KONPROMEZU ERAGINKORRAGORIK LORTU?

Kiotoko akordioak ordezkari guztien gustuak eta interesak biltzea ezinezkoa zela jakina zen. Klimaren aldaketa bortitzak gehien kaltetuko dituen herrialdeek (bereziki itsasoak desagertaraz ditzakeen Uharte Txikien Elkarteak, AOSIS izenekoak) emisioak 90. urteko mailatik % 20 murriztea eskatu dute, baina industrializatutako estatuak ez dira % 5etik gora joan. Jarrerak elkarrenganatzea zaila zen oso. Alferrik izan dira, beraz, talde ekologistek Kiotoko Conference Hall-en aurrean egin dituzten saio entzutetsuak eta, azkenik, espero zena bete da: nola edo hala irtenbide bat hartu da herritarron aurrean nabarmenegi ez agertzearren. Behin-betiko konponbidea, itxuraz, hurrengo gailurrean hartuko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia