}

Erloju biologikoaren tiki-taka larruazalean

2008/05/11 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Bizia fenomeno erritmiko bat da. Bizidunak ez dira etengabe egoten jardunean; ziklikoki aldatzen da bakoitzaren jarduera-maila. Biorritmo esaten zaie ziklikoki gertatzen diren aldaketa horiei. Norberaren baitan dagoen erloju biologikoak ezartzen du egunean zehar noiz gertatu behar duten aldaketa horiek.
Larruazalaren zelulak pertsonen portaeraren ordezkari onak direla ikusita, ikertzaileek uste dute posible izango dela pertsona bakoitzaren zikloa zein den jakiteko test objektibo bat garatzea

Gizakian, garunaren zelula-multzo batek (nukleo suprakiasmatiko esaten zaio) kontrolatzen ditu ziklo horiek. Hura da gorputzaren erloju nagusia. Orain dela gutxi, gainera, gorputzaren zelula guztiek nagusiarekiko guztiz menpekoa den erlojutxo bat dutela deskubritu dute Alemaniako eta Suitzako zientzialari batzuek.

Aurkikuntza horri esker, espero dute lo egiteko arazoak eta bestelako erritmoak hobeki ezagutu eta ikertzeko bideak asmatzea. Azken batean, pertsonen portaeran hain eragin handia duen erloju biologikoa aztertzeko modu askoz errazago eta merkeago bat aurkitu dute. Gaur egun, garunaren barne-barnean (hipotalamoan) dagoen nukleo hori aztertu behar izaten dute, eta, horretarako, pertsonak hiru egunez eduki behar izaten dituzte laborategian. Hemendik aurrera, berriz, nahikoa izango omen dute lagin gisa hartzen dituzten zeluletan horretaz arduratzen diren geneak aztertzea.

Erloju biologikoaren bila zeluletan

Oro har, bi pertsona-mota bereizten dira erloju biologikoaren arabera: goiztiarrak eta gautxoriak. Pertsona goiztiarrak eta gautxoriak ez dira egunaren garai beretan egoten aktibo, eta ez diote egunaren ordu berei ateratzen etekin handiena. Gainera, zenbait botika, kolesterolaren kontrakoak edo kimioterapia, esate baterako, eraginkorragoak dira eguneko ziklo horren une jakin batzuetan. Hortaz, goiztiarrek eta gautxoriek ez lituzkete egunaren une berean hartu beharko botika horiek.

Zenbait botika, kolesterolaren kontrakoak edo kimioterapia, esate baterako, eraginkorragoak dira eguneko zikloaren une jakin batzuetan.

Erloju biologikoa garunetik kanpo bilatzeko, lehenengo lana erabat goiztiarrak eta erabat gautxoriak ziren pertsonak biltzea izan zen.Telebistan eta egunkarietan iragarkiak jarri, eta 28 lagun lortu zituzten. Bakoitzaren larruazalaren bi lagin hartu zituzten, eta laborategian hazi zituzten zelulok. Erloju biologikoa erregulatzen duten geneei ipurtargiei argia ematen dien genea (luziferina) erantsi zieten, eta lortu zuten geneak espresatzen zirenean zelulak argitzea, eta geneak itzalita zeudenean zelulak ere itzalita agertzea. Hau da, erantsi zieten geneari esker, zelulak erloju biologikoaren arabera aritu ez ezik, erloju biologikoaren arabera piztu eta itzaltzen ziren.

Pertsona goiztiarren eta gautxorien zelulak konparatu zituztenean, ikusi zuten pertsona gautxorien zelulek denbora gehiago ematen zutela argituta goiztiarren zelulek baino. Horrek adierazten du pertsona goiztiarren zikloak motzagoak direla.

Pertsona goiztiarrak eta gautxoriak ez dira egunaren garai beretan egoten aktibo, eta ez diote egunaren ordu berei ateratzen etekin handiena. (Argazkia: Jusben-Morguefile )

Zientzialarien aurkikuntza handiena izan zen ikustea kulturetan hazitako zelulen erlojuek ez zutela erritmoa galdu, hau da, zegozkien pertsonen erritmoari jarraitzen ziotela. Are gehiago, ordu-aldaketen aurrean zelulek nola erreakzionatzen duten aztertu zutenean, ikusi zuten kulturetako zelulen erreakzioa bat zetorrela zelula horien jabeen erreakzioarekin. Zelulei botiken eta tenperatura-aldaketen bidez aldatu zieten zikloa, eta pertsonei galdetu egin zieten haien ordu-eremutik kanpoko herrialderen batera joaten direnean zer erreakzio izaten duten.

Beraz, larruazalaren zelulak pertsonen portaeraren ordezkari onak direla ikusita, ikertzaileek uste dute posible izango dela pertsona bakoitzaren zikloa zein den jakiteko test objektibo bat garatzea. Ez litzateke lorpen makala izango, asko arindu eta merkatuko bailuke esparru horretan egiten den lana.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia