}

Erleen polinizazio digitala Usurbilen

2000/05/01 Avila Rodriguez, Gontzal | Avila Rodriguez, Iosune Iturria: Elhuyar aldizkaria

Informatika alorreko azken urteotako aurrerapenei esker, zientziaren eta teknologiaren jakintza eta berrikuntzak gero eta eskuragarriago daude. Ikerketa hau ere ideia horren adibide garbia izan daiteke, erlezaintza eta botanika -erleen mundua eta polinizazioa bereziki- ordenagailuekin uztar daitezke. Usurbilen, behintzat, horrela egin dute. Eta han ahal izan bada, gainerako tokietan zergatik ez?

Bizitza aurrera atera ahal izateko naturarekin elkarlanean dihardutenek ondo baino hobeto dakite zenbaterainoko garrantzia duen ingurugiroa babesteak, izakirik txikiena ere aintzat hartzeak. Izaki txikienen artean erraldoi izango liratekeen arren, erleek berebiziko garrantzia dute naturarentzat eta gizakiontzat. Izan ere, gizakiak hartzen dituen hiru elikagaitik bat, erle, tximeleta, txori, edo beste polinizatzaileren batek egindako lanaren ondorio izango litzateke. Intsektu polinizatzaileen artean, erlea da langileena, polinizazioaren % 73tik % 88ra berak osatzen baitu.

Polinizazioa bai garrantzitsua!

Polinizazioa lore baten estaminetan -loreen atal arra- sortzen den polena, lore bereko edo beste bateko pistiloraino -lorearen atal emea- garraiatzea da. Beraz, bizitzarako hil ala biziko prozesua da, polinizazioari esker ugaltzen baitira landare gehienak.

Landaretik landarera polena garraiatu ahal izateko, naturaren aberastasunean bide bat baino gehiago erabiltzen da. Garraiobideak asko izan daitezkeen arren, polinizazio-motaren arabera landareak hiru multzotan bereizi izan dira: landare hidrofiloak, anemofiloak eta entomofiloak. Landare hidrofiloek polena uraren bidez garraiatzen dutenez, polinizazio-mota honek ez du garrantzi handirik, bakarrik ur-landareei dagokie eta. Polenak aukeratzen duen bidea haizea denean, polinizazioa anemofiloa izaten da. Landare gimnospermoen -hazi biluziak eta ezkata baten gainean hazten diren obuluak dituzten landareak- kasuan garrantzia handia du, koniferoetan adibidez; angiospermoetan -obuluak obulutegi itxi batean dituzten landareak-, berriz, batzuekin gertatzen da, artoarekin edo gaztainondoarekin esaterako. Polinizazio entomofiloaren kasuan, garraiatzaileak intsektuak izaten dira. Intsektuen bidezko polinizazioa landare angiospermoetan oso garrantzitsua da, sagarrondoetan, udareondoetan, edo aranondoetan. Intsektuak lorez lore beren elikagaia -nektarra eta polena- hartzen aritzen diren bitartean, konturatu gabe polena gorputzera itsasten zaie eta konturatu gabe ere beste lore batera garraiatzen dute; horrela, landareen sexu bidezko ugalketa ziurtatzen dute.

Listorrak, euliak, kakalardoak, tximeletak... polinizatzaile trebeak dira, baina trebeen artean trebeena erlea da. Erleek gizakia elikatzen duten landare erein guztietatik 3/4tik gora polinizatzen dute, eta munduko loredun landare guztien % 90. Egin diren kalkuluen arabera, uste da erlerik ez balego 3.000 landare-espezie galdu egingo liratekeela. Bada zerbait, ezta?

Ekosistema, hala ere, ez da zifra-kontu hutsa, kalitatea ere hor dago. Polinizazioa egokia denean, fruituak osasuntsuagoak eta handiagoak izaten dira; eskasa denean, ordea, fruituen tamaina txikiagotu egiten da, heldu gabe erortzen dira, eta deformazioak ere sortu ohi dira. Argi ikusten da guzti horrek ekosistemaren produkzioan eta bizitzan ikaragarrizko eragina duela. Landare guztien sustraiek, haziek, hostoek eta abarrek lurra aberasten dute, eta animalia askoren janaria, babesa... eta biziraupena ziurtatzen dute.

Beraz, polinizazio egoki batek produkzioa hobetzen duela onartua badago, zergatik ez babestu gehiago geurea? Zergatik ez babestu gehiago gure baserrietako betiko lanak eta ohiturak? Erlezainek gaiarekiko duten arduraren froga Gipuzkoako Erlezain Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Genetikako Departamentuak elkarlanean, eta Euskal Herriko gainerako erlezainen elkarteen babesarekin hemengo erle beltza berreskuratzeko eta babesteko duten proiektua da. Horrekin ez du zerikusirik, eta baliteke agian horrenbesteko garrantzirik ez izatea, baina Usurbilen ere erleen inguruko lan eta ikerketa politak egiten ari dira.

Usurbilgo polinizazio-estalduraren ikerketa

Usurbilgo adierazleetariko bat, hango elizako hormez eta sagardotegiez gain, herri hark erlezaintzarako duen sentikortasuna da. Usurbilen erlezain-elkartea badago, Gorostitxo izeneko eztiola inauguratu berri dute, eta azken bi urteotan Erle Eguna ere ospatu izan da. Azken Erle Egunak -apirilaren 29an- polinizazioaren arloan, gaur egun gizarteak duen ezjakintasuna gainditzea izan du helburu.

Antzerako helburuak zituen ondorengo lerroetan azalduko den ikerketak. Batetik, Usurbilen polinizatu gabe dagoen azalera eta azalera honetako landare-motak ezagutzea; bestetik, etorkizunean jar litezkeen erlauntz berrien kokapenik egokiena adieraztea, hainbat irizpideri jarraituz.

Helburu horiek erdiesteko, Usurbilgo erlezain baten laguntzaz, lehenengo erlauntzen kokapen zehatza egin zen mapa topografiko baten gainean. Ateratako datuak AutoCad eta Idrisi programa informatikoak erabilita ordenagailuan sartu ziren eta udal-barrutiaren mugak zehaztu ziren. Horrela mugatu zen ikerketaren eremua. Gero mapa digitalak egin ziren. Erlauntzen kokapena digitalizatu ondoren, bakoitzari kilometro bateko erradioko estaldura-eremua egokitu zitzaion, nahiz eta irizpide horren inguruan adituen artean adostasun handirik ez egon. Lehenengo mapan, udal-barrutiaren mugak eta erlauntzak non zeuden zehaztu zen. Mapa horrek erliebearen ideia ematen zuen, hiru dimentsioko mapa baitzen. Mapekin egiten diren lanetan orientazio-puntuak jartzea garrantzitsua izaten da. Erlezaintzaren kasuan erlauntz berrien kokapena orientazioaren arabera erabaki ohi denez, datu horiek azaltzea ezinbestekoa zen. Izan ere, zenbait datu klimatologikoren berri izanez gero, haizearen norabide nagusia batik-bat, erlauntzen kokapenaren egokitasuna neur zitekeen. Ez hori bakarrik, etorkizunean jar zitezkeen erlauntzak zein maldatan eta nora begira jartzea komeniko litzatekeen ere aurreikus zitekeen.

Orientazioaz gain, malden makurduraren aukera ere har zitekeen kontuan. Horrela, hiru dimentsioko mapa topografikotik abiatuta, malden makurduraren mapa egin zen. Mapa honekin, hainbat tokitara iristeko zailtasuna zenbatekoa zen jakin zen. 25-30ºko makurduratik gorako tokietan ibiltzea zail samarra dela kontuan hartuta -are gehiago erlezaintzan maiz gertatzen den moduan zamarekin ibili behar baldin bada-, Usurbilen makurduragatik erlezaintzarako toki ezegoki gutxi zegoela jakitea lortu zen.

Landaretzari erreparatu behar

Malden makurduraren gorabeherak aztertu eta gero, hurrengo urratsa landareriari erreparatzea izan zen. Horretarako, gaur egun formatu digitalean dauden mapetatik abiatuta, landareen mapa egin zen. Mapa digital horiek landare-espezie askorekin osatuta daudenez, Usurbil inguruko landaretara egokitu behar izan ziren. Hori guztia Usurbilen dauden landare-espezieak eta beren banaketa jakiteko egin zen. Landare guztiak 10 multzotan sartu ziren.

Erlauntzek estaltzen zuten polinizazio-eremuaren mapa eta landareen mapa gainjarri egin ziren. Horretarako bi eta hiru dimentsioko mapak egin ziren. Mapak gainjarrita, polinizatutako eta polinizatu gabeko azalerak zehaztu ahal izan ziren. Mapa horri esker, ikusi ahal izan zen Usurbilgo azaleraren gehiena erleen estaldurapean zegoela. Hortik dagoeneko garbi samar atera zitekeen zein landare-mota zegoen polinizatu gabeko azaleran, eta landare horien arabera erlauntzak jartzeko tokirik egokienak zeintzuk izan zitezkeen. Maparen orientazioa kontuan hartuta, eta haizeak eta ekaitzak gehienbat ipar-mendebaldetik iristen direla jakinda, ikusi zen erlauntz berriak hego-ekialdera jartzea dela egokiena. Horrela jarriz gero, batetik erlauntzak hegoaldera begira egongo lirateke; bestetik, mendiaren babesa izango lukete.

Azken mapa ere egin zen. Mapa honetan erlauntzak estaltzen zuen azalera ikus zitekeen batetik, baina baita bestetik erlauntz bakoitzaren estaldura-eremuak ondoz ondoko erlauntzen estaldura-eremuekin sortzen zuen interferentzia ere. Horrekin, tokian tokiko polinizazioaren intentsitateaz zerbait jakiteaz gain, erlauntzen arteko konpetentzia ere begibistan geratzen zen.

Lanaren emaitza

Mapak egin eta ikerketa egin eta gero, uzta jasotzeko garaia, egindako lanaren emaitza jakitekoa, ondorioak ateratzekoa alegia. Lau ideia nagusi nabarmentzen dira:

1) Usurbilgo lursailen % 90 inguru erlauntzen eraginpean dago, polinizatuta beraz.

2) Udal-barrutiko erdialdeko eremuetan erlauntzen arteko konpetentzia eta intentsitate handia dago; udal-barrutiko mugetara hurbildu ahala, berriz, konpetentzia nabarmen jaisten da eta polinizazioaren intentsitatea askoz ere txikiagoa da.

3) Usurbilgo polinizazio osoaren ikuspuntutik ikusita, etorkizunean erlauntzak jartzen badira, bi eremu izan beharko dira kontuan: lehena iparraldean, Mendizorrotz mendiaren magalean, eta bigarrena hegoaldean, Isasti mendiaren magalean. Bi gune nagusi horiekin batera, Usurbilgo mendebaldeko mugan, bada kontuan hartzeko moduko hainbat gune txiki.

4) Landare-motaren eta orientazioaren ikuspegitik, erlauntz berriak jartzeko tokirik egokiena iparraldekoa da. Horko landaretzak zuhaixkez, zelaiez eta larreez osatuta egoteaz gain, hegoaldeko orientazioa du. Hegoaldeko eremua, Isasti mendiaren magalean, landare gehienak koniferoak direnez, ez dirudi erlauntzak kokatzeko oso toki aproposa denik.

Ikerketa Usurbilen egin da, baina metodologiaren ikuspuntutik ez dago dudarik Euskal Herriko edozein herritan egin daitekeela antzekorik. Erlezaintza abiatzeko gogoa bai, baina irizpide garbirik ez duenarentzat lagungarri izan daiteke. Osasuntsu egon ahal izateko, naturarentzat eta gizakiontzat polinizazio-prozesu egokiak behar-beharrezkoak dira. Horretan naturari laguntzea badago. Beraz, mugak hautsi eta polinizazioa heda dadila!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia